NOV. 24 2024 IRITZIA Arteaz JOKIN URAIN Arteaz ari ginen, beste behin. Tutik ulertzen ez dugunaz ere aritu behar izaten baitugu berriketan, edozer gauza esaten, edo gauzak edozein moduz azaltzen. Baina, zer nahi duzu? Mostradore eta mahai bueltako kontu askok izaten dute nola-halako berriketaren kutsua, gehienetan ez dutelako balio ezer konpontzeko. Eta hala ere beharrezkoak dira seguru asko, inguruan jiraka dabiltzan euliak uxatzeko egiten ditugun keinuak bezain beharrezkoak, gutxienez. Bizitzaren egunerokoan berez ezertarako balio apurrik ez duten gauza asko baitira behar-beharrezkoak bizitzan, une batean ez bada bestean. Bizipoza, esate baterako, premiazkoa zaigu ezarian-ezarian hiltzen joango ez bagara, eta bizipoz hori ez digu ogiak soilik elikatzen. Agian ez dakigu zehazki zerk elikatzen digun, baina senak bultzatzen gaitu zerbaiten bila, egarri dena iturrira doan moduan, urak soinean egiten duen bilakaera eta prozesuaren berri jakin beharrik gabe. Ez da ezinbestekoa gauza guztien arrazoiak eta funtsa azaltzeko formulak buruz jakitea. Ezagutza handitu eta hedatu ahala ugaltzen dira, gainera, gustuak, zaletasunak. Eta batzuen gustu eta zaletasunekin paretsu, besteen harridura. Izan ere, zer ginateke harridurarik gabe, harritzeko ahalmenik gabe! Harrimena baita haurrak mundura irekitzen duen leihoa, eta zer irudi ederrago haurraren aurpegian ustekabearen «ooo!» batena baino! Mundua eta munduko guztia izan liteke berarentzat mirari bat. Dena den, kontua da arteaz ari ginela otorduaren aparrean, eta artista zein ote den bota zuen albokoak, planteamendu originalegien bila ibili gabe. Artea zer den galdetu zuen jarraian parekoak, eta Duchamp bururatu zitzaidan, arte erakusketa handi batean pixalekua ipini eta ehun urte pasako oihartzuna lortu zuen huraxe. Eta Beuys, antzezlanean feltrozko trajez jantzita, aurpegia ezti eta urre hautsez margotuta, arte galerian paseatuz bertan zeuden pintura eta lanei buruzko azalpenak xuxurlatzen zizkiona besoetan zeraman erbi hilari. Baina gaiarekin tematuen zegoenak beste artista bat aipatu zuen, izen eta abizen, eta haren lanak eta ospea. Horrela izatekotan dena artea dela zioen, edozer gauza. «Lerro batzuk zeharka, beste batzuk goitik behera, haurrek egiten dituzten moduko zirriborroak… Hori neuk ere egingo nikek», ebatzi zuen azkenean. «Hik egingo huke, baina hark egin zian», erantzun zion mahaian parean zeukanak. Dena den, kontua da arteaz ari ginela otorduaren aparrean, eta artista zein ote den bota zuen albokoak planteamendu originalegien bila ibili gabe. Artea zer den galdetu zuen jarraian parekoak, eta Duchamp bururatu zitzaidan, arte erakusketa handi batean pixalekua ipini eta ehun urte pasako oihartzuna lortu zuen huraxe.