7K - zazpika astekaria
KIROLA

Jarduera fisikoa, etxean ala gimnasioan?

(Getty)

Azken urteetan gauzak aldatu diren arren, etxean edo gimnasioan entrenatzearen eztabaidak bertan jarraitzen du. Bi hauen arteko aukeraketa pertsonala dela badakigu, pertsona bakoitzak bere gustu eta lehentasunak ditu-eta. Hala ere, guk bi aukeren abantailak zein desabantailak argituko ditugu, bakoitzak hobe egokitzen zaion entrenamendua hauta dezan.

Etxean jarduera fisikoa egitea praktikoa da. Gimnasioko kuota aurrezteaz gain, denbora gutxiago behar izaten dugu. Horrez gain, maila eta gustu ezberdinetako entrenamenduak aurki ditzakegu interneten, yoga, pilates edota indar entrenamenduak eskura izanik. Abantaila asko dituela dirudien arren, saioen egitura falta eta entrenatzailearen irudirik gabe, entrenamendua bertan behera uztea erraza izaten da, asperdura eta interes faltan erorita.

Gimnasioan kontrakoa aurki dezakegu, honek eskaintzen dituen materialak, makinak eta entrenatzaileen formakuntza maila zaila izaten baita berdintzea. Mota eta maila askotariko entrenamenduak izateaz gain, hasiberria den jendearentzat aukera paregabea da era egokian entrenatzen ikasteko eta gutxieneko maila lortzeko. Entrenatzailearen laguntzaz, ariketak era egokian ikasi eta lesioak izateko arriskuak gutxituko ditugu.

Gimnasioko aukerak eredugarria dirudien arren, bere oztopoak ere baditu. Izan ere, kuotak nahiko altuak izaten dira eta ekonomikoki zaila izaten da jende askorentzat. Gainera, nahiz eta gure eskura material eta makina asko izan, ordu puntualetan jende gehiegi egoten da, era egokian entrenatzeko baldintzak okertzen direla.

Hau esanda, gimnasioan ala etxean, entrenatzea ezinbestekoa dela azpimarratu behar da. Bakoitzaren bizi estilora eta eskakizunetara hobe egokitzen dena aukeratu behar da.

Entrenamendu munduan berria denak gimnasioarekin hasi behar luke, gauza guztietan bezala inor ez delako jakinda jaiotzen. Nolanahi dela, entrenamendu maila optimo bat lortutakoan, eta etxean behar bezalako espazio eta materiala badugu, ez dago jarduera fisikoa etxera ekartzea bezalakorik.

Etxean, gimnasioan, kalean, mendian… nahi duzun lekuan, baina mugitu!