«Tripleflexioa» edo flexio hirukoitza
Flexio hirukoitzaz edo “tripleflexioa” delakoaz hitz egitean, martxako mekanikan ematen den patroiaz ari garela ulertu behar dugu. Mugimendu patroi honetan 3 artikulazioren (aldaka, belauna eta orkatila) aldibereko flexioa eta estentsioa izaten dira; hau da, aldaka, belauna eta orkatila flexionatu egiten dira aldi berean. Adibide bat jartzearren, aulki batean esertzean, hiru artikulazio hauen angeluak itxi egiten dira, gure gorputza jaitsi eta eseri ahal izateko.
Baina flexio hirukoitz hau, estentsio hirukoitzarekin batera ulertu beharreko patroi bat da. Azken finean, flexio hirukoitz bat ematen denean, ia beti estentsio hirukoitz bat izaten ohi da jarraian. Hau da, aulkitik altxatzean, flexionatuta dauden aldaka, belauna eta orkatila estentsiora joan ohi dira, artikulazio hauen angeluak handituz. Izatez, zutik (bipedestazioan) egon ahal izateko ere, gure gorputza estentsio hirukoitz bat burutzen egon ohi da isometrikoki, grabitatearen indarrari aurre egin eta flexio hirukoitz baten ondorioz lurrera erori ez gaitezen.
Patroi honetan, beheko gorputz adarretako giharrek hartzen dute parte gehienbat. Batetik, aldakaren flexio-estentsioan gluteo nagusia da giharrik garrantzitsuena. Bestetik, belaunaren kasuan, koadrizepsak eta aurreko muskulu zuzena nabarmenduko genituzke. Orkatilaren flexio-estentsioan, berriz, soleoa eta bikiak izango lirateke giharrik garrantzitsuenak.
Flexio hirukoitza egiten denean, gihar nagusi hauek kontrakzio eszentriko bat burutzen dute, flexio hirukoitz honen abiadura “frenatuz” eta kontrolatuz. Kontrakzio eszentriko hau eman ezean, kolpetik joango ginateke lurrera, eta ezinezkoa izango litzaiguke grabitatearen indarrari aurre egitea.
Mugimendu patroi hau gure egunerokotasuneko patroi nagusiena da. Esan bezala, oinez, korrika edo bizikletan desplazatzean, eseri eta altxatzean, makurtzean… une oro ari gara flexio-estentsio hirukoitzak burutzen. Honenbestez, ez ahaztu patroi hau entrenatzea, bipedestazioan, posizio asimetrikoetan, hanka bakarrean, pisuaren posizioa aldatuz edo abiadura ezberdinetan, baina ez dadila falta patroi hau zure saioetan.