Gisele
2024. urtea atzean utzi dugun honetan, urteko pertsonaiei buruz hitz egiten ibili dira hedabideak. Donald Trump, Elon Musk eta Yoon Suk-yeol. Claudia Sheinbaum, Kamala Harris eta Kate Middleton. Jerome Powell, Rafael Nadal eta Leon Marchand. Denetariko zerrendak ikusi ditugu, hedabide bakoitzaren interesen arabera. Niri galdetuz gero, baina, ez daukat dudarik: Gisele Pelicot izan da 2024ko pertsonaia.
Lotsak bandoz aldatu behar duela erakutsi digu. Jasan duen basakeria jasanda, bera bortxatu zuten 51 gizonei aurpegira begiratzeko adorea atera du. Azken urteotako epaiketa krudelena, publiko izatea eskatu du. Drogatuta zegoen bitartean nahi izan zuten guztia egin zioten gizon higuingarriak kondenatzea lortu du. Argi dago, zigorrak gogorragoak izatea gustatuko litzaiokeela, baina inflexio puntu bat eragin du. Biktimen birbiktimizaziotik ihesi, jarrera eredugarria erakutsi du. Bere buruaz beste egitea pentsatzetik, epaitegira burua tente sartzera igaro da. Familiarengatik egin duela esan du, baina ikur feminista bihurtu da Frantzian eta Frantziatik kanpo. Eta epaiketa horrek iraun duen artean, munduko emakume guztiak izan gara Gisele.
Estatu frantsesean urtean 200.000 emakumek jasaten dituzte sexu erasoak. Orduro, 22 sexu eraso zenbatzen dira, eta izugarria iruditzen zait zifra hori. Ezin dugu normala ez dena normalizatu eta, bortxaketaren kulturaren aurrean, nahikoa dela oihukatu nahi dugu.
2025erako gurariak egiten ari garen honetan, gustatuko litzaidake aurten beste Giselerik ez egotea. Emakumeak aske bizitzea. Gauean etxera bakarrik joateko beldurrik ez sentitzea. Sumisio kimikoaren biktima ez izatea. Nahi dugunean eta nahi dugunarekin oheratzea. Gure ezetza errespetatzea. Gure gorputzen gaineko kontrola izatea. Mundua nola dagoen ikusita, ez dut uste lortuko dugunik. Baina, Giselek egin duen moduan, sexu erasoak salatzen eta erasotzaileak lotsarazten jarraituko dugu aurten ere. Ea lotsa bandoz aldatuta, aldaketa eragitea lortzen dugun!