Urte on
Iaz baino asko aberatsago ez gara esnatu urte berria hastean. Loterien zati gizenena leku jakinera joaten da beti, eta han-hemen jausten diren apurrekin erakusten digute Gabon aurreko eta inguruko aparra, halako hiritan lehen saria, halako lekutan saldu dute bigarrena… Aberasteko amets hori daramagu, nonbait, barru-barruan, eta horretarako jokoa egitea. Jokoa ez dela errenta dio esaerak, eta ez da gehienontzat, baina askoren jokoa errenta ona da bakanen batzuentzat.
Aberastea eta txirotzea, dirua sakelez aldatzea besterik ez da berez, eta hainbat modutan gertatzen den fenomenoa da. Horietako bat, eta aberasteko moduetan ikurtzat har daitekeena, loteria tokatzea da, eta ez dira gutxi izango horrelaxe gertatu zaienak, batzuen kasuan dirutzarekin, besteenean apalagoarekin. Zori onarekin parekatzen da, gainera, loteriarena. Herentziekin ere aberasten dira batzuk, baina aberasteko baino gerra tribalak hasteko arrazoi hobea izaten da askotan, eta ez du beti izaten loteriarena bezalako zorion kutsurik.
Eguneroko lanetik aberastea, berriz, duinagotzat hartu ohi dugu, eredugarriagotzat, baina zinez inor gutxik aintzat hartzen duen aukera izango da. Lantegira joan beharrak iratzarrita goizero jaikitzeak, hilaren bukaeran aberastasun ekonomiko urria eta neke galanta ekarriko die gehienei, neketik nekera alde dezentea egon daitekeen arren.
Izatez lapurreta izan liteke aberasteko aukerarik onena, nahiz eta gero, aukera horren aldeko apustua eginda, norberarentzat eta besteentzat hondagarriena gerta litekeen. Aldaera eta adiera ugari baititu lapurretak: interesen kobrantza, komisioak, zorren kitapena, atrakoa... Azken batean kaltetuarentzat ondorio berdina izan arren, adiera bakoitzak kutsu ezberdina du. Lapurreta lapurrari egozten zaio gehienetan, litxarreroari alegia. Interes edo komisio kontuak, berriz, gradu handiko jende edo entitate errespetagarrien ebaskeriari. Beraiek dira jardunbide horretatik gehien aberasten direnak; iazko urtarriletik irailera bitartean ia hogeita lau mila miloi euro irabazi omen zituzten sei banku espainiar nagusiek.
Atrakatzailea esanda, banku eta diru-leku handiei ebasten diena dela ulertzen dugu. Aberasteko aukera arriskutsuena izango da ziur aski, beti jazarria, beti erne, ezin lasai bizi. Agian horregatik da atrakatzaileena desagertzeko zorian dagoen espeziea, eta babes apur bat behar luke. Ea urte on bat duten aurtengoa!