«Oasiaren kultura da nagusi»
2zio rap taldearekin hiru disko argitara eman ondoren, 2022an «Terapia» kaleratuta ekin zion bakarkako ibilbideari Ødeik (Urruña, 1988). Hiru urte beranduago, Hendaian duen estudioa egonkorturik, «Goizegi hiltzeko» lana besapean duela, Biarritzeko Atabal aretoan itzuli berri da oholtzetara.

Ostiral arratsaldea da Hendaiako tren geltoki parean. Bidaiari baino polizia gehiago dabil bazterretan. Ez da bereziki jende askorik ageri, ez dago ez hotzik, ez berorik, ez da ez bezperako euforiarik, ez biharamuneko berunik, baina itolarria arnasten da giroan. Alkimia estudioan sartu, atea itxi eta beste mundu bat zabaldu da.
«Goizegi hiltzeko?» Izenburu horren gibelean, batetik, oso alde pertsonal bat dago. Nire bizitzan goizegi joan zaidan jendeari, batez ere amari, egiten dudana dedikatzeko modua da. Familiako zein hurbileko horiek asko eman zidaten eta, noski, ez daude hor baina hor daude. Bestetik, goizegi da nire rapero figura hiltzeko. Adinean aurrera noa, ez ditut 20 urte, baina hau ez da bukatu, goizegi da nire ibilbidea eteteko. 36 urte ditut, baina rapeatzeko gogoa eta beharra sentitzen ditut oraindik.
Rockero zaharra ez omen da inoiz hiltzen. Raperoa? Maiz, rapa oso entzule gaztearekin lotzen dugu eta ez da erraza 16 urteko gazte bat 36 urteko rapero batekin identifikatzea. Baditut zale gazteak, badakit gazteek ere entzuten dutela nire musika, baina egia da gero eta ‘adin-amildegi’ handiagoa dagoela. Aldi berean, iruditzen zait orain naizela inoiz izan naizen raperorik onena. Orain arte ez naiz gai izan orain egiten ditudanak proposatzeko, rapak emandako kodeetan bestelako urratsak asumitu eta barneratzeko. Denbora behar izan dut, baina hau da nirea ongien egiten dudan garaia. Horregatik, beharbada, zaila da zale gaztearekin erabat konektatzea. Baina zergatik izan behar du rapak 18 urtekoen musika? Zergatik ez da identifikatuko 40 edo 50 urteko norbait idatzi dudanarekin ala gauzak egiteko nire moduarekin? Adinean gora joan arren, Boobak edo Eminemek jarraitzen dute rapeatzen. Izen handiei beste zilegitasun bat ematen zaie, baina halako izenik ez daukazunean nekezagoa da. Gainera, niretzat oraindik hiltzeko goizegi izan arren, ez nuke jokotik beranduegi joan nahi. Uzten ere jakin behar da, baina oraindik ez zait horretarako momentua iritsi.
Oso diskurtso propioa garatu duzu diskoan. Uste dut disko honetan aurkitu dudala neure burua benetan. “Terapia” argitaratu nuelarik, talde aski aldarrikatzaile batetik nentorren. Talde izaerak erraz difuminatzen du intimoa. Koplak taldekideekin partekatzen dituzunean zaila da zure barne-barneraino iristea. Horregatik, “Terapia” pasa behar nuen disko bat iruditzen zait, taldearen orrialdea pasatzen lagundu zidan lana. Aldi berean, etapa baten amaiera eta beste baten hasiera izan zen niretzat. Alde batetik, oso kanta intimoak zeuden baina, bestetik, taldearen idazteko modu aldarrikatzaile hori bazter utzi gabe segitzen nuen. Sinetsi nahi dut disko honetan bi ildo horiek nire baitan gurutzatu direla etengabe. “Terapia” baino askoz errazago idatzi dut “Goizegi hiltzeko”, askoz galdera gutxiago pausatu dizkiot nire buruari, libreago mugitzen utzi diot lumari.
Eta zintzoago? Aski disko zintzoa da, bai. “Terapia”-ko zintzotasuna askoz selektiboagoa zen, askoz gehiago hautatzen nuen non biluztu nahi nuen eta non ez. Oso interesgarria iruditzen zait kontraesan-dantza hau. Noiznahi topatzen dut nire burua norbaiti esaldiak aurpegiratzen eta, aldi berean, niretzat ere balio dutela ohartzen naiz. Hori ere bada zintzotasuna, ezta? Denok dakigu Amazonen bidez erosteak zer kalte dakarren, baina erosten dugu. Izan gaitezen zintzoak dikotomia horretan bizi garela aitortzeko. Ni naizena kontatzen dut eta nire burua ikusten dut nire kexuen ispiluan.
Testosterona askokoa da raparen ispilua. Etengabe ispilu hori hausten saiatzen zara zu. Horregatik iruditzen zait ia ezinezkoa arrakasta. Nola nahi duzu arrakastatsua izan, egiten duzun musikaz espero dena ematen ez baduzu eta, aldi berean, play zapaldu gabe denek etiketatu badute musika hori? Oso zaila da ur horietan ez itotzea. Ni hauskorra naiz, baina nire mezua sendo plazaratu nahi dut. Rapak kode bat du, mezuak irmo botatzea eskatzen du; ez, irmotasuna mezuan. Sendo bota litezke mezurik hauskorrenak. Baina ez gaude ohituta. Hala, uste dugu umiltasuna ahots tonu apal bati lotuta doala, segurtasuna erakustea ozen hitz egitea dela. Zaila da horri aurre egitea, ezin kokatua sortzen dit sarri. Rapa marko baten barnean sartu dugu eta kosta egiten zaigu hortik kanpo sortutako rapa preziatzen. Rapak ez du matxista izan beharrik, ez du zertan ondokoa iraindu. Hauskorra banaiz, zergatik ez dut erakutsiko? Ez naiz gai ez naizen pertsonaiarik asmatzeko. Raparen mundua pertsonaiaz josita dago: aldirietakoa, matoia... baina amatxo eta aitatxoren etxean bizi dira, ohea egiten diete egunero, bazkaria prestatzen... Euren antipodetan dagoen pertsonaia bat asmatzen dute produktu bat sortzeko. Nik ez dakit hori egiten. Horregatik, sorpresaz eta frustrazioz beterik bizi naiz. Zerbait ona sortu dudala eta gehiago entzunen dela uste dudanean, ez da hala gertatzen eta, alderantziz, ustez ia niretzat bakarrik balio duen zerbait atera eta besteengan eragina duela sumatu izan dut. Ez dakit formula zein den.
Zure soinuak badu formularik? Rap asko entzuten dut, oso rap ezberdinak. Belarria fintzeko eta hezteko nire modua da. Ez nuke nire soinua definitzen jakingo, baina ordu asko pasatzen ditut baxu bat ala bestea sartu hautatzen. Nire kasuan ez da ‘eseri eta egin’. Ni entzuten hasten naiz, gustatzen bazait askotan entzuten dut, kaskoetan, autoan, etxean... Aldatu, probatu, itzuli, entzun, berriz entzun... Bilaketa horretan igarotzen ditudan orduek ematen diote soinuari nire ukitua. Oso handiustekoa dirudi, baina xumeki diot: nire soinua lortu nahi dut. “Terapia”-n soinuaren aldeko apustu bat bazegoen, beste urrats bat egin dut oraingoan.
Urratsa ala lorratza da hamabost abestiko disko bat singlearen aroan? Beste mezu bat da, argiki. Musika entzutea maite dut, osorik entzuten ditut diskoak, kantu bat bestearen gibeletik egileak erabakitako ordenan. Badakit singlearen garaian gaudela, bat atera behar dela lehenbizi, beste bat jendeak zu ahantzi baino lehen eta beste bat eta beste bat eta... Auskalo gero kantu guztiak disko berean biltzeko modukoak diren. Nik osotasun bat estimatzen diot diskoari, ezin ditut sasoi ezberdinetan sortutako hiru abesti elkartu eta batera argitaratu. Ez zait ateratzen. Nik 15 abesti behar ditut, eta 15 publikatzeko, 30 kantu sortu. Testu eta soinu asko geratzen zait diskotik kanpo baina, aldi berean, diskoan ageri den abesti bakoitzak bere lekua daukala sentitzen dut. Ez dut musika single-ka kontsumitu nahi eta, ondorioz, ezin diot hori proposatu ez nire buruari, ez entzuleari.
Gaur egun, musika, entzun ez ezik, ikusi ere egiten da. Zuretzat zein besteentzat bideoklipak ekoizten dituzu zuk. Maite dut irudia eta musika uztartzea. Hala ere, nire proiektura itzuliz, diskoaren aurretik hiru klip argitaratzeko arrazoia komunikazioari lotua da. Ez daukat enpresa handi bat atzean, nire musika hedabide nagusietan kokatu eta zabalduko duena. Oso artista mugatua naiz eta, gainera, artistoi eskatzen zaigu sare sozialak etengabe elikatzea, gure buruaren komertzialak izatea... Gure sorkuntzari lotuta ez dauden parametroetan ibili behar dugu gure musika entzun dadin. Oso gogorra zait hori eta beste erremediorik ez dudalako egiten dut. Hiru bideoklip zabaltzea da nire burua promozionatu eta hain ongi olioztatutako makineria zapaltzaile horri aurre egiteko topatu dudan bide bakarra. Musika mundu enpresariala bihurtu da. Ni ez nago hor, baina horrekin lehiatu behar naiz, jakinda oso zaila daukagula gure musika entzunarazten, jendeari disko bat argitaratu dugula jakinarazten.
«Musikatik bizitzea erraza da, musikariarentzat salbu», dio errefrauak. Erabat ados. Jotzeko deitzen didaten leku batzuetan, teknikaria ordaindua da, oholtza muntatzen duenak kobratzen du, taberna kudeatzen duenak berea eramaten du, baina oholtzara igotzen denak ordaindua izateko komeriak ditu. Horri management enpresak gehitu behar zaizkio orain. Diskoak saltzen ziren garaian, diskoetxeena zen boterea. Egun, ia nornahik grabatu dezake disko bat, baina ez du edonork edonon jotzeko aukerarik. Diskorik apenas saltzen denez, ordea, musikatik bizi nahi duenak asko jo beharra dauka, baina nork kudeatzen ditu festibal eta kontzertu handiak? Horien hegalpean ez bazaude, are zailagoa daukazu.
Halaxe daude BEC beteta eta herriko plazak hutsik? Gero eta amildegi handiagoa dago. Nafarroa Arenara 20.000 pertsona joaten dira eta inor ez gaztetxeko kontzertura. Baina nork bete dezake Nafarroa Arena? Gutxi batzuek, eta makineria enpresarial handien laguntzarekin, gainera. Hori gabe ezin da. Horregatik, arrakala oholtzetan ez ezik, taldeen ‘katxe’-etan ere agertzen ari da. Gero eta gehiago dira milaka euro kobratzen dituzten taldeak baina, aldi berean, sekula baino kopurutsuagoa da doan jo edo teknikariak ordaintzeko justukoa ateratzen dutenen multzoa. Erdiko eremu zabal hori desagertzen ari da eta esango nuke ez dela batere osasungarria ez sortzaileontzat, ez zaleentzat, ez kulturarentzat, oro har. Zer gertatzen ari da Frantziako rapeko makrokontzertuetan? Artista askok diskoa jartzen dute zuzenekoan eta animatzaile bihurtzen dira. Ez dute diskoa rapeatu ere egiten. Azkenean, musika da gutxienekoa, ebentoak inporta du, mugikorrarekin grabatutako bideo bat sareetara igo eta han egon zinela erakustea munduari.
Kultura gutxitu batek sistemaren parametroetan lehiatu daiteke bere buruari kalte egin gabe? Hori da Benizzek “Jakin” aldizkarian galdetzen zuena. Noski gurea “mainstreamizatu” dezakegula baina, kasu, gure kalterako izan daiteke eta. Hain mundu txikian elkarrekin lehiatzen tematzen bagara, desegin egingo gara, disolbatu, galdu. Ez dakit ez ote garen gero eta oasi gehiago sortzen ari, urte osoan basamortuan gabiltzala ahanzteko. Zetak-ek Nafarroa Arena bi aldiz leporaino betetzea ona da euskararentzat, baina horietako zenbat joaten dira euren herrian antolatzen diren kontzertuetara? Oasiaren kultura da nagusi. Gauza bera gertatzen da Korrikarekin, Herri Urratsekin... Oasiak sortzen ditugu, urte osoko desertuei ez heltzeko. Baina oasiaren kulturak ere iraungipen data dauka. Basamortuari heldu ezean, laster ez da jenderik egongo oasietarako ere.
Basamortuan oasia eta oasian basamortua. Zu, umezaroan, Iparraldekoentzat Hegoaldekoa eta Hegoaldekoentzat Iparraldekoa izan zara, luzaz. Beranduago, bertsolarientzat raperoa eta raperoentzat bertsolaria…Familiak, odolekoak eta odolekoa ez denak, salbatu nau. Berak lagundu dit munduan nire lekua aurkitzen baina, inkontzientean, etengabe nabil galdera horri bueltaka: nongoa naiz? Susmoa dut denbora gehiegi pasa dudala konbentzitu ezin den jendea konbentzitu nahian. Kokatu nazatela nahi duten lekuan, nik badut nire lekua, bertan sentitzen naiz ongi, eta ahaleginak eta bi egingo ditut inguru hori babesteko. Oso mingarria da etengabe zure burua zuritzen ibili beharra. Nongoa naizen, zergatik naizen horrelakoa, ze guraso ditudan, zergatik mintzo naizen horrela euskaraz... Ez daukat azalpenik emateko gogorik, ez daukat zer justifikaturik; nekatu naiz. Oso nekeza egin zait, bizitzan zehar, jendearen begietan, inongoa ez izatea. Inon kokatu ezin nautenez, deserosotzat naukaten sentipena dut.
Horregatik konektatzen duzu hain ongi mugarekin? Muga eta ertzak oso presente daude nire lanean. Mugatik oso hurbil daukat estudioa eta egunero ikusten dut ze jende dabilen hara-hona. Inongoa ez den jendearen lekua da muga, ezlekua. Beti sentitu naiz jende horrekin identifikatua, ez diogu azalpenik eskatzen elkarri. Gaur egun, Baionan bizi naiz, aniztasun izugarria duen aski auzo herrikoi batean. Ez da kasualitatea, denek agurtzen dute kalean, bizarginarekin zein “kebabekoarekin” hitz egitera gelditu naiteke; kultura ezberdinetakoak dira, baina euskalduna naizela esan eta ez didate bestelako esplikaziorik galde egiten. Haiekin mintzo naizen bezalakoa ikusten naute. Gureagotzat ditugun eremuetan, aldiz, susmoa dut ez nautela ni ikusten, nitaz duten uste edo proiekzioa baizik.
Mugetan poliziak ibiltzen dira maiz. Baita gure kautako mugetan ere. Poliziaz beterik gaude, zentzu guztietan. “Ez ditugu nahi” abestia idatzi dut horri buruz. Diskoko kanturik esplizituena da, baina ez nuen panfletarioa izaterik nahi. Ezin nuen horri buruz ez idatzi. Goizean, etxetik atera eta, askotan, militarrak dauzkat atean, sinagoga bat dagoelako aurrerago. Trenean etortzen naiz Hendaiako estudiora eta bagoiak poliziaz lepo doaz. Hendaiara iritsi eta presentzia poliziala itogarria da. Orduerdiro patruilak iristen dira Donostiatik datorren Topotik irteten diren bidaiariak kontrolatzera. Estudio aurrean grabatzeko zain zeuden bi pertsona arrazializatu kontrolatu izan dituzte. Poliziak nahi duena egiten duen bi gunetan ibiltzen naiz egunero. Oso bortitza da.
Eskerrak errimak liluratzen zaituen. Betidanik gustatu zait errimaren musika. Bai, errima musika da niretzat. Diskoan, apenas abesten dudan doinurik, errepika bat edo beste baino ez, baina aski da niretzat, errimek ematen didatelako musika. Rapa deskubritu nuenean, errima zen erakartzen ninduena. Munduko gauzarik sinpleena ongi errimatuta esaten asmatzen baduzu, sekulako indarra har dezake. Disko honetan, errima multisilabikoekin tematu naiz. Rapean ez dago errimatzeko araurik, belarriak agintzen du, baina belarri zorrotzekoa bazara ez dizu zernahik balio. Taldekideei diskoa entzunarazi nienean, “zenbat multisilabiko!”, bota zidan batek. Horrek ez zuela garrantzirik eta gu baizik ez ginela halakoetaz ohartzen erantzun nion, orduan. “Jendeak ez du jakingo zergatik sartzen zaion hain ongi belarrira, baina bai bikain sartzen zaiola, eta horregatik da”, itxi zuen eztabaida berak. Horixe da errimaren magia.
Liluraz ari garela, Hegoaldeko artistei askotan sumatzen zaie frantziar Estatuko artisten intermitentzia sistemarekiko lilura. Nola bizi duzu zuk? Intermitentziaren gaia “dragon khan” emozional bat da niretzat. Ulertzen dut hegoaldetik liluraz begiratzea, baina oso iluna izan daitekeen alde bat ere badu. Nik, adibidez, bi urte daramatzat borrokan eta oraindik ez dut intermitentzia lortu, legez eskatzen diren 43 kontratupeko emanaldiak baino 10 gehiago egin arren. Horrekin esan nahi dudana da, intermitentzia lortzea bera buruhauste handia eta gurutzebide luzea izan daitekeela. Bestalde, intermitentziak kostu bat du, maiz ahanzten duguna. Batetik, kostu administratiboa. Ezin dituzu zuk egin zuretzako paperak; beste produktora batetik pasa behar zara. Ondorioz, askoz diru gehiago balio duzu antolatzaile batentzat. Intermitentziaren baitan, taldekide bakoitzaren kostua bikoizten da aldiro. Bestetik, ez da ahantzi behar intermitente bat beti egongo dela langabetu bat bezala ikusia Frantziako sisteman. Hala, ze eskubide du langabetu batek aitatasun-baimena hartzeko? Zer ari da kotizatzen erretirorako? Watson da nik ezagutzen dudan lehen intermitente erretretatua eta zin dagizut gelditu zaionarekin ez dagoela bizitzerik gu mugitzen garen Euskal Herrian. Azkenik, inguruan badut imajina ez dezakegun emanaldi kopurua egiten duen artista intermitente bat. Bere lana beste manera batez fakturatzerik balu, aberatsa litzateke agian, baina intermitentzian egon behar du eta intermitentziak soldataren zati handi bat jaten dio. Ezer ez da kanpotik dirudien bezain ederra.
Ezta txikienen aldekoa ere. Horregatik bukatzen dute handiek enpresak sortzen. Intermitentziak txiki izatera kondenatzen zaitu, gutxieneko soldataren bueltan ibiltzera mugatzen. Kontzertu anitz egiten badituzu, hortik goraxeago irits zaitezke, baina nork ziurtatzen dizu hurrengo urteko emanaldi kopurua? Hori ere gogoan izan behar da: jendaurrekorik ez duzun garaia orekatzeko asmatu zen intermitentzia. Asmo ona da, baina nik, adibidez, ezin dut disko bat hiru hilabetez egin. Niretzat ezinezkoa da hiru hilabetez disko bat egin, beste hiru hilabetez promozionatu eta sei hilabetez exijitutako baldintzetan kontratupeko 43 kontzertu egitea. Tranpa handi bat dago hor. Esango nuke intermitentzia ia-ia ezinezkoa dela bere proiektua daukan musikari batentzat. Talde ezberdin askotan dabilen musikariarentzat, alta, bideragarria da. Lau talde ezberdinetan jotzen duenak izan dezake proiektu bat geldi diskoa prestatzen, beste hirurekin jotzen duen bitartean. Ni diskoa prestatzen ari banaiz, ezin naiz kontzertuak ematen ibili.
Horregatik egiten dituzu besteentzat bideoklipak, produktore zein soinu-teknikari lanak... Nola daramazu zure ibilbide artistikoaren eta besteentzat lan egitearen arteko barne-gatazka hori? “Terapia”-tik disko honetara hiru urte pasa dira, hiru urte. Gaur egun, denbora asko da hori. Pentsa, beldurra ere sortzen du: jendea oroitzen ote da nitaz? Beldur horri aurre egiteko, lehen aipatutako singlearen aroan, gutxi baina etengabe ekoiztera bultzatzen gaituzte, baina nik ez dut horrela sortzen eta ez ditut hamabost single atera. Han-hemenka kolaborazio batzuk eginez hor egoten saiatu naiz baina, azkenean, jan ahal izateko besteentzat lan egin beharrak nire proiektua gerorako uztera eraman nau. Ez didate alferrik leporatzen etxekoek desorduetan ez sortzeko utzi nuela lan finkoa eta, hala ere, desorduetan sortzen bukatu dudala. Oso zaila da oreka bat topatzea. Ez da antolaketa falta, ez da diziplina eskasa, baina askotan sentitu naiz gaindituta. Zerbait egiteko bi ordu beharko dituzula uste duzunean lau behar izaten dituzu eta zer geratzen da geroko? Zurea, jakina.
Zer nahi zenuke geroko? Aurreko diskoarekin apustu batzuk egin nituen, baina zenbait erabakitan okertu egin nintzen. Horregatik, disko honekin erabaki egokiak hartu nahi nituzke. Hala, helburuak zehazten eta begirada zorrozten saiatu naiz. Momentuz, diskoa plazetan erakutsi nahi dut. Lan handia egin dugu zuzenekoei begira, nahiz eta nire errealitateak prestatu dudan showa bere osotasunean aurkezteko baldintzak urtean bi edo hiru aldiz baizik ez dizkidan eskaintzen. Hori ere frustrantea da eta aldiro orduak pasatzen ditut emanaldia aretora eta ditudan baldintzetara egokitzen. Izan ere, maite dut aurrez aurrekoa, maite dut txikia, eta horien alde apustu egiten dut, areto txikietara data handiei esker joan naitekeela jakinda. Nik badakit ez dudala inoiz BEC edo Nafarroa Arena beteko, baina nirea ahalik eta ongien egin nahi dut. Goizegi da hiltzeko, baina beranduegi zerotik hasteko.