Defentsaz
S.apurgarria,
Egunak daramatzazu txokolaterik jan gabe, zortzi urteko umeei auzoko futbol-taldean jokatzeko hautaprobak egin dizkietela entzun diezu gurasoei parkean, euskarak diskriminatzen duela dakar egunkariak eta umorea, txokolatea bezala, beltza gustatzen zaizula egin nahi zenuke aldarri. Adi beti, gozo sartzen denarekin; erne, inoiz zapore mingotsik uzten ez duenarekin. “Beti” eta “inoiz ez” saihestu behar zenituzke, “funtzionarioa” dela kontatzen du poliziak, “fabrikan” egiten duela lan arma-fabrikan fitxatzen duenak. Ez doa alferrik marrubien sasoia, etorriko da gereziena, Charlotte Wellsen “Aftersun” filmaren dardarak esnatuko zaitu gau erdian, hartuko duzu arnasa sakon, saiatuko zara semeek jaso gabe utzitako plastilinak eta Palestinak ez dezatela errimatu, arrimatuko duzu kuxina bularrera, itxiko dituzu begiak, oroituko zara apirileko arrainez eta, apirileko katuak nola, eguzkiak berotzen duen leihoan lokartuko zara berriz.
Ez dakizu polemikak eraman zintuen pelikula ikustera ala azken kredituekin jausi zinen debatera. Hunkitu zara, justizia sozialaren izenean, protagonistak linearen ohiko ibilbidea luzatu eta autobusa Torre Baroraino desbideratu duenean. Auzoa, elkartasuna, norbere bizitzaren zein geroaren jabe izan nahia, txikiak handiaren aurrean amore ez ematea... idealizatzen dituzun epika guztiek durduzatu zaituzte. Han eta hemen irakurri behar izan duzu Manolo Vital, autobus gidaria eta auzokidea ez ezik, alderdi komunistako kide ere bazela ikasteko. Alarmak piztu zaizkizu borroka kolektiboak garaipen pertsonalekin estaltzearen arriskuaz jabetu zarenean. Fikzioari erabateko askatasuna onartu nahi zenioke baina, aldi berean, ez ote da gaurko fikzioa biharko memoria? Zure tranpan preso jakin duzu hamabost urteko iloba “La Infiltrada” ikusten izan dela zineman. Iratxe Sorzabalen berri emateko bulkada sentitu duzu bat-batean.
Aldiarekin bat egin eta defentsan inbertitzeko beharra sortu zaizu zuri ere. Ez zaizu zer infiltraturik falta. Arma-fabrika “Esperantza” bataiatu zuten munduan bizi zara. Txokolatea eta umorea, zenbat eta beltzagoak, hobeak. Zer egin, ordea, zuretzat garrantzitsua izan zena zure semeen indiferentzia gerta ez dadin eta, ezinbestean, etengabe gurasoei kontuak ematen ari zaren sentipena uxa dezazun? Intsumisoen mugimenduak berrarma zaitzake, agian.