Amillubiren bizitza guztiak: Golde zaharrek ereindakoen irauna
Etxaldeek ez dute, lehen bezala, leinu luzeen bermerik eta, batzuetan, familia berriak asmatu behar dira iragarritako eraisteak saihesteko. Zestoako Amillubi baserrian Nati Azkue bizi zen. Lan horietarako zahar, familian ez zuen baratzean segituko zuen katebegirik, baina lurrok bizi segi zezaten nahi zuen. Biolurreko kideei etxeko ateak ireki zizkien, eta gauzak aldatzeko setaz sartu ziren hauek, baserria kolektiboan erosita. Herriarena da, beraz, Amillubi: lurrak zabaldu zaizkie nekazariei, herritarrek gertuko eta kalitatezko elikagaiak izan ditzaten.

Nati Azkuek lorezaintza maite zuen. Auzoko Santa Ines ermita apaintzen zuen baserrian landatu eta zaindutako loreekin, eta Zestoako Gurutzera -XVII. mende ingurukoa, zestoarrentzat esanahi garrantzitsua duena- kala ederrak eramaten zituen, Santakrutz jaietan. Baserrian kuttunen zuen lekua ere lorez jantzita zuen. Golde zahar bat izaten zen hor, etxeko atariaren parean, atzera kilometrikoki zabaltzen diren zelaiak hasten diren tokian. Aspaldian, hainbat bider harrotuko zituzten zelaiok golde horren hortzak eta nabarrak, lurrak egurastu eta landaketa berriak har zitzaten. Gaur egun, leku berean da goldea, baina ez du horren zaharra ematen: pintura beltz distiratsu batek estali du herdoil-azala. Nahikoa lan eginda zegoen, urteek maiztuta, baina berriztu egin dute guztiz eta ikusgarri jarri, Natik kuttunen zuen txokoan, iragan baten ordezkari gisa. Nati Azkue 2024ko ekainean hil zen, nahikoa lan eginda bera ere, eta Maitek -nahiago du abizenik ez eman-, bere ilobak, ekarri ditu hari buruzkoak etxera, Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserrira.
Zestoa eta Zumaia artean, Aizarnazabaletik mendebaldera, Urola ibaiaren ibilguak meandro simetriko eta bihurri bat marrazten du. Bihurgunearen ahurrean, zelai zabalak daude, ordekak, eguzkitsuak, hezeak. Ezohiko paisaia Gipuzkoa malkartsuan, laborantzarako ona. Bertan kokatuta dago Amillubi.
Egiaz, Amillibi da Nati Azkueren familiakoentzat, baina Amillubi esaten dio Meagako errepidean baserriaren kokapena iragartzen duen kartelak, baita egungo maizterrek ere. Biolurreko kideak ari dira orain bertan, eredu agroekologikoari jarraiki, herritarrek elikagaiak eta nekazariek lurrak izan ditzatela helburu duen proiektu herrikoiari bultzaka. Golde zaharra berritu dute, eta, tresna horrekin egin bezala, Amillubiri bizi-eskualdi bat ematen ari zaizkio, herdoiltzen utzi gabe.
Ez gaitezen aurreratu, baina. Urola bailarako udalerri horretako Aizarna auzoan jaioa zen Nati, baina Iraetara egin zuen, Juanito anaiarengana, han bizi baitzuen 1960tik, Amillubi ondoko baserriko indarretxearen ardura hartu zuenez geroztik. Ibaiaren ertzean dagoen etxe horretatik, ubide baten bitartez, Bedua auzora argindarra bideratzen zuten garai hartan. Natik, beraz, bizilagun zituen goiko baserrikoak, eta horrela ezagutu zuen Amillubiko Jose. Hara ezkondu zen.


ATZERA BEGIRA
«Behi artean» datozkio Maiteri txikitako oroitzapenen printzak. Auzoaren beste aldean bizi zen, Iraetako auzogunean, baina egunero Amillubin ibiltzen zen batera eta bestera apur bat koskortu arte, lau-bost urte bete arte-edo, osaba-izebekin, gurasoek han uzten baitzuten lanera joateko. Geroztik ere, estu mantendu izan du amarra baserriarekin eta bertan bizi zuen familiarekin.
1970eko hamarkadaren bukaeraz eta 1980koaren hasieraz ari gara. Orduan, Maiteren amona, Juanito eta Jose osabak eta izeba Nati bizi ziren baserrian. Denborarekin, asko aldatu da. «Hor dolarea zegoen, han barrikak, hemen untxitegia, hura txerritokia zen, bidea hortik pasatzen zen, hau hesituta zegoen», azaltzen die besteei Maitek, hitzez eta hatzez.
Besteak Mirian Arrizabalaga, Lide Jimenez eta Ioritz Igarataundi dira, 1993an sortu zen Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteko kideak hirurak ere. Baserriaren alboan aterpe hartuta daude, lastozko fardel banatan eserita. Amillubiren izaeraz, eraldaketaz, orainaz, aritu dira, denak baitaude, modu batera edo bestera, etxe eta lur horiei lotuta. Eta etorkizuna sortu nahi dute, golde zaharrek irekitako bideetatik; sortu ezean, agian, ez baita existituko.
ERRELEBOAREN SOKA
Ioritz Igarataundi Azpeitiko Izarraitz auzoko Sakona Komuntzo etxalde ekologikotik dator. Artalde txiki batekin hasi zen 2013an, eta laster ekin zion baratzezaintzari ere, Aizarnazabaleko Aiora Etxeberriarekin batera. Baratzeak indarra hartu zuen proiektuan eta lursail gehiago behar zituzten, lauagoak komeni zitzaizkien, eta errentan hartu zuten Azpeitiko Frantziskanetako komentuaren hektarea bat, baita negutegi batzuk ere. Hala ere, nahiago zuten lursail egoki bat erosi beti errentaren bidez funtzionatu baino, garesti baitago lurren alokairua. Eta Biolurren bitartez Amillubi ezagutu zuten.
Biolurreko kide ziren Salba eta Nelly ere. Bikote honek lauzpabost urte eman zituen Amillubin, aurretik urte luzez bertan bizi izan zen familiari erreleboa hartuta. Beraienak ziren baserriaren erdi bat eta lursail zati bat. Ostalaritzan aritu ziren aurretik eta heldu ausartu ziren baratzera. Alta, handiegi zitzaien etxaldea, eta errentan eman edo saltzeko prest zeuden. Sakona Komuntzoren proiektua Urolaren aldameneko lur emankorretara adarkatzeko ilusioz, Igarataundik eta Etxeberriak salmentarako tratua sinatu gabe, baina hitzez eginda zuten Salba eta Nellyrekin, baina etxaldean sua piztu orduko itzali ziren Komuntzoko bikote gaztearen begitazioak. 2022ko urtarrilean izan zen sutea. «Azkenean, ez saltzea erabaki zuten. Kolpe gogorra izan zen, gure bizitzako lursaila izan behar zuen horrek eskutik alde egin zigun», ekarri du akordura nekazari azpeitiarrak.
Erreleboaren soka suak erreta eten zela zirudienean, Nati Azkuek etxekotzat hartu zuen Komuntzoko bikotea. Horrelakoa omen zen, eskuzabala eta arretatsua. «Nik harreman estua egin nuen berarekin. Maitatzeko erraza zen, karismatikoa zen, enpatikoa, jendearekin oso onbera. Arratsaldero norbait izaten zuen bertan kafea hartzen; Zestoan guztiek ezagutzen zuten; Zumaian ere bai. Oso ondo konektatu genuen, begirada batekin ulertzen genuen elkar. Eta, batez ere, egiten nuena eskertzen zidan une oro», agertu du, telefonoz, Hiliana Gonzalezek.
Ongi ezagutzen zuen Nati eta etxe izan zuen Amillubi zaintza sektoreko behargin nikaraguar honek. 2016an hasi zen bertan lanean, asteburuetan hasieran, eta barneko erregimenean gero, etxeko lanak egiten eta Nati zaintzen; guztira, zortzi urte egin zituen bertan. «Errutina bat geneukan -kontatu du-: goizetan, etxearen garbiketa, sukaldea, zaintza… Arratsaldeetan, aldiz, baratzera joateko denbora gehiago izaten genuen, laborantzaren ingurukoak erakutsi zizkidan, nik ez baineukan esperientziarik. Porrua, baba edo artoa landatzen, dena berak erakutsi zidan. Paseatu ere egiten genuen, eta kartetan jolastu. Hori zen, gutxi-asko, gure egunerokoa».
Aitortu du, hasieran, ingurukoek zorotzat hartu zutela, bakartuta dagoen baserri batera zihoalako, autobusez egin behar zuela Iraeta erdigunera eta, handik, oinez baserrira, ziur aski galtza-barrenak lokaztuta. Alta, lekua asko gustatzen zaio. «Oso polita da, nire herrialdeko oroitzapenak dakarzkit. Libreki paseatu daiteke bertan, gertu du erreka. Oso ongi bizi izan nintzen bertan», esan du.



LANA ETA BIZIMODUA
Baratzean ateratakoekin eta behi-esnearen salmentari esker bizi ziren aspaldi Nati eta familiakoak. Maite akordatzen da goizean goiz artatzen zituztela behiak eta nola etortzen zen Gurelesa enpresako kamioia, bere tangarekin, esnea hartu eta zentralera eramateko. Barazkiak, berriz, Zestoako dendetara banatzen zituzten. Familiakoentzat, baserriko lana «lotua» zela dio Maitek, «gogorra». «Baina, aldi berean, gustatu egiten zitzaien», ziurtatu du.
«Lursail honek lan handia eskatzen du; zaintza behar du. Bere garaian, osaba Jose-eta zeudenean, ondo, guk ere laguntzen genuen eta aurrera ateratzen genuen. Gero, baina, denak adinduak zirela… Honek orduak eta esfortzua eskatzen ditu eta gainean ibili behar genuen; hori moztu behar da, hau garbitu behar da. Hasiera batean ez zitzaigun burutik pasatu ere egin saltzeko aukera. Baina Ioritz eta Aiora etorri ziren», gogoratu du Maitek.
Nati Azkuek, bere azken urteetan, bazuen baserriaren eta haren lurren etorkizunaren inguruko kezka; bera gabe ere, ez zuen nahi bizia gal zezaten. Horrekin «beti arduratuta» ibiltzen zela dio ilobak eta, beraz, lurrok Komuntzoko gazteei pasatzea aukera ona zen Amillubik jarrai zezan. «Aldaketa bat izango zen baina, era berean, inguruak bere esentzia mantenduko zuen. Hori garrantzitsua zen familiarentzat», nabarmendu du ilobak. 93 urterekin zendu zen Nati eta Maitek gazi-gozo bizi du Amillubi. Zendutako izebaren doluak iluntzen du, batetik, eta bertan Biolurren eskutik ernaltzen ari den proiektu berriak argitu.
Bada, Komuntzokoak Nati Azkue eta familiakoekin tratua egitear zeudela, Salba eta Nellyk beraien zatia saltzea erabaki zuten. Hala, Ioritz Igarataundik eta Aiora Etxeberriak baratzea eta negutegiak ekarri zituzten Amillubira, eta errentan hartuta zituzten lurrak uzteko aukera izan zuten. Eta zer diren gauzak… urte erdira, haizeteak sei negutegitik lau hondatu zizkien. Kontrako boladei gorputza jarrita egin dute aurrera, ordea, Komuntzokoek. «Klimaren menpe gaude eta arazoak etortzen direla badakigu. Orain beste lasaitasun batekin ari gara», adierazi du Igarataundik.
KOLEKTIBOARI EUTSIZ
Mirian Arrizabalaga itziartarra da, eta horko Donieneberri baserritik ekiten dio, Nerea ahizparekin batera, baratzeZAINTZA ekologikoari. Gainera, Biolurreko lehendakaria da eta, beraz, gertutik jarraitu zion Ioritz Igarataundik eta Aiora Etxeberriak Amillubira sartzeko ibili zuten prozesu konplexuari. Komuntzoko nekazariek, azkenean, Salba eta Nellyren zatia hartu bazuten ere, beste partearen atea irekita utzi zuten Nati Azkuek eta familiakoek. Eta ideia batek ihes egin zuen zirrikitu horretatik.
«Amesten hasi ginen agian baserria modu kolektiboan erosi ahal genuela», esan du Arrizabalagak.
Ideia horrekin, ez zen erraza izan, eta kale egin zuen lehenengo saiakerak, baina lortu zuten Amillubi Lurra Taupaka proiektua garatuko zuen talde eragile bat osatzea. 2023ko abenduan jendaurrean ezagutzera eman zituzten leku hartan egin nahi zutenaren inguruko ideiak eta, horrekin batera, eraikina eta bere lurrak modu kolektiboan erosteko diru-bilketa kanpaina hasi zuten; hain zuzen, lursailok babesteko eta ondasun kolektibo bilakatzeko filosofiarekin. Hainbat herritar eta eragilek egin zuten ekarpena, Urola bailarako zenbait udalen babesa ere jaso dute, eta ordainketa batzuk falta dituzten arren -dirua biltzen segitzen dute, beraz-, martxan da egitasmoa.
Orotara, 2,5 hektarea nekazaritza-lur, 1,5 hektarea belardi natural eta bost hektarea baso ditu Amillubik, bertan lurrarekin errespetuzkoak diren laborantza proiektuak garatzeko. Hasiera batean, lurrak nekazaritza profesionalean aritzen diren beharginen esku jarri zituzten, han behar zituzten landaketak egin zitzaten. Joan den udarako, kasurako, Biolurreko baratzezainek arto-baba eta porru landarea erein zituzten, hazitik, gero norberak bere baratzean landatzeko helburuz. Arto-babaren %50 jaso zuten, baina porru landarearekin arrakasta izan zuten. Orain, berriz, Biolurreko okinek garia dute jarrita, eta Aleka elkarterako hazia lortzeko ilarra eta brokoliaren landaketekin ari dira.
Bestalde, Iraetako lur emankorrok babesteko hautu sendoz sartu da Biolur Amillubira, lursailak esku pribatuen mehatxutik salbatu eta bestelako eredu bat zabaltzeko: lurrarekin errespetuzkoak izango diren laborantza proiektuak martxan jarri nahi dituzte, formakuntza eskaini, nekazarien arteko saretzea indartu eta nekazari berrientzako ereingiroa sortu.
Lide Jimenez da egitasmoaren talde eragileko kideetako bat. Donostiarra da, baina lau urte daramatza Aizarna auzoan bizitzen. Ez da baratzezaina, ez du loturarik izan lurraren lanketarekin. «Biologia ikasi nuen, eta gero basa animalien kontserbazioan egin nuen lan unibertsitatean», azaldu du. Orain biologia irakaslea da Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan. «Hona bizitzera etorri nintzenean, Biolur elkartearen berri izan nuen. Beti izan dut interesa naturaren kontserbazioan eta elikadura burujabetzan, eta horrela iritsi nintzen elkartera. Jakin nuenean Biolur Amillubin murgiltzera zihoala eta jendea behar zuela, parte hartzeko pausoa eman nuen, ahal denean lagundu eta ikasteko», kontatu du.


LANARI, NOLAKO ETEKINA?
Makinak lan batzuk erraztu dituzte, baina baserriko beharrek ez diote gogorrak izateari utzi. Ez soilik neketsua eta lotua delako, sarri lan-baldintzak ez direlako eginahalekin koherenteak. Nekazaritza, lanbidea baino, «bizitza egoera» bat dela dio Ioritz Igarataundik. «Kanpoko beste lan batzuekin alderatuz gero, ordu bikoitzak eta soldata erdia», laburbildu du, zuzen, Mirian Arrizabalagak. Osabari entzuna dio Maitek, sargori ala euritsu, egunak lanez bete ostean barazkiak «musu-truk» ematen ari zen sentsazioa zuela. «Hori da, nire ustez, gizarte bezala daukagun akats handienetakoa: horren oinarrizkoa den elikagai horri baliorik ez aitortzea. Ohituta gaude beti ahal dugun merkeena hartzen eta ez gara konturatzen zertan ari garen», erantzun dio Jimenezek.
Gogorra izateaz gain, aldrebes samarra ere bada lehen sektorea. «Ez dator bat gaur egungo gizartearen erritmoarekin», baieztatu du Igarataundik. «Horren azkar gabiltza, deserosoa bilakatu dela azoketara edo denda txikietan bi-hiru geldialdi egitea», esan du Jimenezek. «Eibarko San Juan kalean badago kartel bat oso esanguratsua, urteekin hazten joan dena -aipatu du, ildo beretik, Arrizabalagak-: lehen Corte Ingles agertzen zen. Gaur egun, Corte Ingles, Eroski, Aldi, Lidl, Dia, Mercadona… Hau da, antza, eboluzioa».
Alta, ez al da jendartea aldrebes dabilena? «Ez dut uste gizartea, gaur egun, lanbide hau erakargarri bihurtzeko norabidean dagoenik. Halako dinamika batean sartuta gaude: epe motzean asko egiten baduzu, hobe», bota du Maitek. «Nik jaten dudana, nik bizitzeko behar dudana, ekoizten duen pertsonak ez badu soldata duinik, nora goaz? Lanbide hau erakargarria izan dadin, soldatak izan daitezela egiten den lanarekin proportzionalak», gaineratu du biologia irakasleak.
Horrela segitu bitartean, baserriko beharginen bizimoduak ez dio inoiz gogor, lotu eta eskergabe izateari utziko. Hala den bitartean, ez da lanbide erakargarria izango gazteentzat, eta errelebo faltak, beste zailtasun askoren artean, larriki zaurituta du sektorea. Garai batean kasik arau zena ez da ohikoa egun eta, hala, galtzen ari da familia barruko erreleboa; oraindik ere gehiago tiratzen du baserritik hirirako jarioak kontrakoak baino, salbuespenak badiren arren. «Azpisektore gehienen arazoa da errelebo falta. Lehen, familia barruan ematen ziren erreleboak, etxeko norbait gelditzen zen baserrian lanean. Hori aldatu egin da. Lehenik, kanpoko lana eta baserrikoa uztartzen hasi zen jendea. Orain, etxe askotan ikusten da baserriko aktibitatea jaisten joaten dela, zaintza gutxiago behar dituzten animaliak hazten direla edo lursailak uzten direla… Aldi berean, lursailik ez duen jendea bila hasten denean, pareta handi batekin egiten du topo. Zaila da lurrak prezio bideragarri batean errentan emango dizkizun norbait aurkitzea. Erosteko orduan, berdin. Ematen du lurrak oso gutxi balio duela, baina espekulaziorako lehengaia da», esplikatu du Mirian Arrizabalagak.
Martxa horretan, Biolurren datuen arabera, azken 30 urtean 5.500 hektarea galdu dira Gipuzkoan, 8.000 futbol-zelai adina. Bestalde, EAEko populazioaren %1 besterik ez da aritzen nekazaritzan, eta datozen hamar urtean erdia erretiratu egingo da. Eta egun kontsumitzen den %90 baino gehiago inportatutakoa da. Ez da epelkeria, hortaz, Ioritz Igarataundi eta Aiora Etxeberria bezalako gazteek lanbide hau aukeratzea, agroindustriatik urrunduta, gainera: horrelakoekin hartzen dute arnasa lurrak eta gizakiak.
Gizartea, oro har, horren kontziente al da? Tokikoa, gertukoa, ekologikoa, komertzio txikietakoa. Kontsumo arduratsu eta osasuntsu baterako teoria ongi zabaldua den arren, otarrera Euskal Herritik kanpoko produktuak iristen dira sarri. Alde horretatik, Euskal Herriak, «herri bezala hutsune handi bat» duela antzematen du Mirian Arrizabalagak: «Badirudi bizitzeko modu honetarako bidea konturatu gabe egin dugula eta, orain, esfortzu bat eskatzen digula gelditzeak», gogoetatu du.
Dena den, lastozko fardelek osatutako borobilean sortutako hausnar-giroan, zalantzak agertu dira. Hautu pertsonalak eta esfortzu txikiak primeran daudela eta beharrezkoak direla, baina bizi dugun egoerak ez ote duen izari handiko iraulketa bat behar, ereduak eta ohiturak aldatuko dituen egiturazko neurririk. «Sistematikoa da», baieztatu du Jimenezek.

AMILLUBI LURRA TAPUAKA
Neurriok eta miraririk iritsiko zain egon gabe eragiten ari da Amillubi Lurra Taupaka proiektua, ondo baitakite sektoreko prekaritatea ez dela naturala, inertzia kapitalisten sintoma baizik. «Horregatik, elikadura-subiranotasunaren eta agroekologikoaren inguruko proiektu ilusionagarria da Amillubi», goraipatu du Arrizabalagak. Egoerak hobera egin dezan, uste dute, hasteko, beharrezkoa dela baserriak herritarrengandik gertuago egon daitezen, eta alderantziz. «Lehengo pausoa dela uste dut: herritarrak gerturatu daitezela baserrietara, elkarrengandik gero eta urrutiago baitaude. Lehen hiriburuak ikusten ziren baserrietatik urruti, baina orain Azpeitian bertan ikusten dut berdina», agertu du Ioritz Igarataundik.
Bere aburuz, Amillubiko proiektuak asko egin du horren alde. Iaz, adibidez, “Udaberriko lurra taupaka” festa antolatu zuten bertan, eta egitarau zabala prestatu, herritarrek lekua eta proiektua ezagut zitzaten. Aurten errepikatu egingo dute, maiatzaren 10ean. «Egun erdia hausnarketara bideratuko dugu eta beste erdia, festara», aurreratu dute. Urte honetan, halaber, “Auzo(p)lana” egitasmoa abiatu dute: lantzean behin, auzolanera deituko dituzte herritarrak eta, lanaren ostean, hitzaldi, tailer edo kontzertu batera gonbidatu.
Egiaz, baina, Amillubi Lurra Taupaka ereintza fasean dago oraindik. Hazia da momentuz dagoena eta, beraz, zaila da hazi horrek eman dezakeenaren inguruan irudimena dantzan jartzea; bideak erabakiko du zer etorriko den. «Nekazaritza ekologikoan gabiltzanontzat erreferentziazko leku bat izatea nahiko nuke, elkargune bat», amestu du Arrizabalagak.
Nati Azkue azken egunera arte bizi izan zen Amillubin eta, beraz, aukera izan zuen ikusteko Biolurreko kideak nola ari ziren horrenbeste zaindu eta landu zituen lurrak biziberritzen. «Tristea da ikustea sasiak nola hartzen duen lurra edo baserria nola erortzen den. Aldiz, proiektu bat egotea bermatuko diona baserriari niretzat beti izan duen zentzua, hau da, elkargunearena, garrantzitsua da. Etorkizuna beste modu batekoa izango du, baina etorkizuna, azken finean. Gogoan dut izebak behin esan zidana, hemen jende pila bat ikusita: ‘Ai! Josek ikusiko balu zenbat jende dabilen hemen, eta ze gazteak!’ Uste dut horrekin nahikoa esan zuela», adierazi du Maitek.
Hementxe da udaberria. Eta loretan da Amillubi.

«Se ha buscado el enemigo de la patria, que es el migrante, y ahora quieren ir a por ellos»

Paula Bonet, viaje íntimo a una artista total

Arkitektura jolasgune, Zubitegi parkean

Ejercicio compulsivo, un problema para la salud
