Gure auzoak
Txantrea auzoak, Iruñean, 75 urte bete ditu oraintsu, martxoan. Bertako emakume bati entzun diot, «guk beti izan dugu elkarren beharra auzoan, bakarrik ezingo genuke moldatu». Umetako bazkariekin akordatu naiz. Gurasoak lanean zeudenean, bizilagunaren etxean bazkaltzen genuen. Orduak pasatzen zituen ahizpak kardu plateraren aurrean. «Hori jan arte ezin zara jolastera joan mitxika». Nafarra zen bizilaguna eta beste baratze batzuk ekartzen zizkigun mahaira. Beste askotan, bizilagunaren seme-alabak gurean egoten ziren. Denok ohe gainean, hanka hutsik, proiektorearekin arratsalde pasa. Auzokoak ginen, tribu berekoak.
Auzoko plazan adin desberdineko haurrak nahas-mahas, elkarrekin jolasean, elkar zirikatuz... egunaren arabera. Eta hantxe bankuan ama pare bat kontu kontari (orduan aitak ez genituen bankuetan eserita ikusten). Ama haiek plazan gertatzen ziren liskar, zauri, negar saio eta borroka guztietan esku hartzeko eskumena zuten, inplikatutako haurrak beren etxekoak izan edo ez. Denak ziren auzoko haurrak, tribukoak. (Bide batez, “Gure Haurrak ere badira” ekimenaren izena oso aproposa iruditu zait. Auzoaren haurrak, herriaren haurrak, munduaren haurrak, denon altxor eta ardura direla gogorarazteko).
Horrela irudikatzen ditut Txantreako bazterrak, “gure haurrek” aztoratuak. Bere garaian Francoren aginduz eraikitako langile etxe haietan piztu zen klase kontzientziak markatu du Txantrearen pausoa. Etxeak ere langile askok beren eskuekin altxatu zituzten. Dena borrokatu behar izan omen du Txantreak 75 urte hauetan; isurbideak txukun jartzea, bideko zuloak konpontzea, trafikoa auzotik apartatzea, eguneko zentroa, osasun-etxea, liburutegia, doako aparkalekua, bertako jaiak, euskararen presentzia...
Horren guztiaren emaitza da Txantrean oraindik arnasten den elkartasuna eta auzo nortasuna. Zerbaiten parte sentitzearen harrotasun kolektiboa. Duela 75 urte auzoa sortu zuten haien ondorengoak dira orain auzoaren alde lanean jarraitzen dutenak. Etxean hori ikusi eta ikasi baitute; denon mesedetan egiten dena, norberarentzat ere ona da. Ez zait lezio hoberik okurritzen.
Txantreako kontuak irratian entzuten ari garela, nerabeak esan dit “guapo” egon behar duela Txantrean bizitzea, imitatu ezin den kasua balitz bezala. Berezia da, kasta propioa duen jendeak habitatzen du Txantrea. Baina agian ez da berandu gure auzoak batez ere “gure” direla ez ahazteko. Txarrenean, berriz sinisten hasteko.