Nekane Azpiazu Lejardi
ARKITEKTURA

Iraganaren olatua

Katsushika Hokusairi eskainia dago Sumida Hokusai Museoa, haren jaioterrian. Han bizi eta lan egin zuen, 89 urtera arte. Ukiyo-e korronteko pintore famatua izan zen; bere pintura eta xilografiek japoniar kulturaren alderdiak aztertzen dituzte. Artistaren ondarea indartzen du eraikin moderno honek.

Kanagawako olatu handia, Katsushika Hokusaik marraztua.
Kanagawako olatu handia, Katsushika Hokusaik marraztua. (Getty Images)

Sumida Hokusai museoa, izen bereko Sumida auzoan kokatua, Katsushika Hokusai (1760-1849) Edo garaiko artista ospetsuari eskainitako omenaldi arkitektonikoa da. Kazujo Sejima (SANAA) arkitektoak proiektaturiko museoak artearen eta arkitekturaren iragana eta oraina uztartzen ditu hirigunean. Espazio berri honek harremana sendotzen du garai bateko artelanen eta egungo bizimoduaren artean; egitura fisikotik haratago doa, japoniar tradizioaren artea eta historia sendotuz.

Sumida Hokusai Museoa, Sumidan, Tokio. (Nekane Azpiazu Lejardi)

Eraikina aluminiozko bolumena da, eta kontraste nabarmena eragiten du barnean gordetzen duen artelan tradizioarekin. Azal metalikoak hirigunearen egunerokotasuna islatzen du, bere presentzia monolitikoa leunduz eta hiriarekin joko bisual sotil bat sortuz. Modulu zatikatuen multzoa da, eta horien arrakaletatik argi naturala eta aire-zirkulazioa bermatzen dira, eta horrekin batera, tarteak irekitzen dira kanpoaldearen ikuspegi partzialak ahalbidetzeko. Era berean, bere kokapenagatik bolumen itxia eta konpaktua dauka, trenbidearen pare-parean kokatua baitago. Angelu desberdinetako irekidurek artelanak hondatu gabe argi naturala barneratzeko aukera ematen dute.

Sejimaren diseinuaren berrikuntza esanguratsuenetakoa museoaren eta espazio publikoaren arteko harremana da. Ukiyo-e (Japoniako grabatu tradizionalak) babestu beharragatik museoak izaera itxia duen arren, kontzeptualki hiriari zabalik dago. Hitz horren esanahia ‘mundu flotagarria’ da, eta horrek iheskorra dela esatetik eratorritako zoriontasunaren ideiari erantzuten dio. Fatxadako angelu zorrotzen mozketak eraikinaren zurruntasuna apurtzeaz gain, kanpoaldearen eta barnealdearen artean igarobideak sortzen dituzte. Era horretan, museoaren zenbait zati barrura sartu gabe ikus daitezke, eraikinarekiko elkarreragina sustatuz. Goiko solairuetako irekidurek, berriz, Tokioko hiriaren ikuspegiak eskaintzen dituzte, Hokusairen iragana eta egungo metropolia elkarri lotuz.

(Nekane Azpiazu Lejardi)

Museoak Hokusairen eta haren jarraitzaileen obrak gordetzen ditu; tartean, Fuji mendia irudikatzen duten lan ospetsuak; besteak beste, “Kanagawako olatu handiaren” lan ikonikoa. Haren bilduma eta funtzio anitzei egokitzeko, museoaren barne-diseinua malgutasunez antolatuta dago, bai erakusketa iraunkorrak eta aldi baterakoak hartzeko prestatuta, baita mintegiak, hitzaldiak eta tailerrak egiteko ere. Horiez gain, espezializatutako liburutegia eta ikerketa-zentroa ere baditu, artistaren lanaren zabalkundea eta ikaskuntza sustatzeko espazioak direnak. Horrela, kanpoko bisitariez aparte, bertako komunitatea ere erakartzen da, ondarea bizirik eta eskuragarri mantenduz etorkizuneko belaunaldientzat.

Hokusairen lanak japoniar kultura eta artearen sinonimo bilakatu dira eta eraikinak legatu hori indartzea du helburu. Historia, artea eta arkitektura biltzen dituen gordailua da eraikina; esanahi pisutsua duen elementu bizia Tokioko hiri-egituran.