Hartzea Lopez Arana
Interview
Victor Pachon

«Eredu zaharkituetan tematuz, frantses Estatua suarekin jolasean dabil»

Ez ditu sorburuak arnegatu nahi, familia espainiar errepublikanotik eta 68ko Maiatzeko gaztaro iraultzailetik atera baititu ekologismoan eraginkor jarduteko ikasgaiak. AHTren kontrako borrokak egin du ezagun, nekaezin eta bateratzaile itxuran. «Jokaldi bat irabazi baina partida oraindik ez» izan liteke bere leitmotiva, edo «gehiagoren artean pedalei eragin gehiago aurrera egiteko». 65 urterekin ez da erretreta hartzeko prest. Egun CADE (Collectif d’Associations de Défense de l’Environnement - Ingurumenaren defentsarako elkarteen kolektiboa) elkarteko bozeramailea da.

AHT Ipar Euskal Herrian. Pasako ala ez pasako?

Ofizialki, 2032ra arte obrarik ez, ez dago horretarako dirurik. Ikerketak eta luzamenak metatu egin dira eta 2012tik, kontra estimatze finantzarioen ondorioak direla medio, argi agertu da halako proiektu handiak ez duela errentagarritasunik, bereziki gure eremuari dagokionez, Akize-Hendaia zatian. Adituek ez diote proiektuari deblauki ezetz erraten, baina prudentzia handia gomendatzen dute lanak «epe baliagarrian» hasteko. Etapa garrantzitsua da guretzat, Kontuen Auzitegiak urteetan landu ditugun argudioekin bat egiten duelako azkenean eta denbora irabazten dugulako. Eta gainbehera ez da bukatu. Frantziako tren konpainiak hiri ertain eta ttipietan abiadura handiko trenen geltokien %40 kentzeko asmoa du, arazo berdinarengatik: trafiko soberetsiak, zama bolumenen jaitsiera... Errealitateak, zenbaki borobilekin, hautetsi handien urguilua gibeletik harrapatu du. Nork defendatuko du etorkizunean bere udalerrian geldituko ez den trena, nola esplikatu lanpostuak eta hazkundea hortik jalgiko direla? Concorde hegazkina, Frantziako abiazioaren lorerik ederrena, eraikitzeari utzi zioten galbide latza bihurtu zelako. Ea AHTk bide bera hartzen duen, arintasuna baino geldotasuna lehenetsiz.

Zuentzako auzi irabazia, orduan?

Konponezina eragotzi behar da, batzuen harrokeriak ez du mugarik. Beste proiektu ugaritan gertatu izan da halakorik, nahiz aurretik seinale guztiak negatiboan egon. A65 autopista defizitarioa izango zela denek zekiten eta halere eginarazi dute. Azpiegitura proiektu handietan gertatzen dena da behin hasirik ez dakitela gelditzen; dirua xahutu baitute, bururaino joan behar. Eta oso arin xahutu ohi dute, ikerketa bat edo zundaketak egiteak milioiak kostatzen ditu. Lobbyak oso tematsu dabiltza AHTrekin, gure eskualdea momentuz bakean uzten badute ere, Bordele-Akize-Tolosa ardatzetan inkesta publiko berriak galdegin dituzte. Iduri du batzuk oraindik bigarren Mundu Gerlaren osteko Frantzian bizi balira bezala ari direla: dena eraiki eta asmatzea aizu. Penagarriena kargu politikoen itsukeria da, ez dira mugimendu ekologistek proposatzen dituzten norabideez jabetzen. Alta, Alemanian adibidez, abiadura handiko trenen abiadura mugatzeko legea egin dute, lurralde urbanizatuetan ezin delako Australiako desertuan bezala ibili herrietan geldiuneak egin nahi badira. Frantzian, aldiz, orduko 350 kilometroko abiadura duten makinak ari dira fabrikatzen. Zorionez jendartea oro har beste optika batean sartzen hasi da, inplikazio kolektiboaren nozioa ari da iratzartzen, instintiboki. Gero eta gehiago zentzuzko azpiegituren, zirkuitu hurbilen eta iraunkortasunaren xedeak dira ageri, nahiz eskaera hauen guztien arteko lotura ez den oraindik kontzienteki barneratzen, ez aski azkar bederen. Beraz, ez dugu amore eman behar.

Ipar Euskal Herrian gertatu mobilizazioek ere AHTren egitasmoa atzeratu ote dute ?

Hala da. Alkateak, laborariak, trenbideetako langileak batzen dituen dinamikak indar harremana gure alde jarri du, legitimitatea areagotu dio. Hogei urteko lan luzearen fruituak dira. Arrakastari apaltasunez begiratu behar zaio, hala ere. CADE (Collectif d’Associations de Défense de l’Environnement - Ingurumenaren defentsarako elkarteen kolektiboa) azkartu eta biderkatu egin da lurraren aurkako erasoak biderkatu diren heinean, ez gara ezeren pindar jenialak izan, joera baten ispilua baizik. AHT bezalako proiektuek, denak molde berdintsuan diseinatuak izaki, antzeko erreakzioak eragiten dituzte beste lekuetan ere. Italian adibidez, 35.000 laguneko manifestaldiak egon ohi dira. Ez da belaunaldi espontaneo baten uhina ez eta militante aktiboen afera ere, ezaguna zaigun paisaiaren desjabetzeak herritar guztiok gaitu mintzen. Edozein obrak baso bat lurrera bota duela konturatzen gara egunetik gauera, arintasunak eta neurrigabekeriak asaldura eragiten dute mundu osoan. Hemen lurraldeari diogun amarradura sendoa gaineratzen badiogu, sentimendu are azkarragoa txertatzen da, agian horrek du Landesen eta Euskal Herriaren arteko mobilizazioen kopuruaren diferentzia egiten. Hasieratik sektore guzien bereganatzeko plantatu estrategiak badu ere zerikusirik, Ipar Euskal Herriko errealitateei erantzuten die, sinpleki. Paraje txukun eta turistikoak eta jabego txikia suntsituko lituzkeen trenak ezin baitu bestelako erreakziorik piztu.

Eta egun batean obrak hasiz gero, zer panorama irudika liteke ?

Gure posizioa ez da enfrentamenduetara jotzea, beste koadro batean kokatzen gara eta denek hala aritzea opa dugu. Mehatxaturiko lurrak partzela xehetan erosi ditugu adibidez, desjabetzeak zailtzeko eta arazoa epaitegietara eramateko. Gure manifestaldietara familiak datoz eta giro bakezalea zaintzean datza lehentasuna. Tentsio uneak pairatu izan ditugu halaber, zundaketak egitera etorri zirelarik. Fisikoki aurre egin genien, kamioiak oztopatuz eta zundatzaileei lana egiten ez utziz. Garaiko suprefetak, hainbat hobe, buruargitasunarekin ihardetsi zion egoerari. Makur grabeagorik ez gertatzeko, guztion seguritatea pribilegiatu eta jendarmeei norgehiagokatik ateratzea galdegin zien. Kudeaketa ona egin zuen, gure ustez, eta bilkura batean eskertu genion. Baina obrak inposatzen badizkigute, beharbada istiluak izanen dira eta gure aurkariek nahi izan dituztelako suertatuko dira. Ez naiz ni Ipar Euskal Herrian etxez etxe ibiliko «ez bota molotov koktelik» erratera parean gasak botatzen badizkigute. Ni ere gazte izan nintzen eta badakit zer den amorrua. Espero dut ez garela puntu horretara helduko. Bestela, egoerari moldatu beharko, helburua biolentzia egoera bati inoiz ez egokitzea izaki.

Berrikitan urtegi baten kontrako oposizioak hildakoa utzi du Tarn eskualdean.

Estatua suarekin dabil jolasean. Urtegi horretara destinatu lurretan prefetak jendarmeak trumilka bidali zituen, deus eta nehor defendatzeko ez zegoelarik. Herritarrek ezdeusetako proiektu erraldoiei ezetz erran eta polizia bortizki bidaltzen dietenean, inposizioaren etapa da indarrean jartzen. Eta Barne ministroa desohoratzen da hildakoari buruz gezurretan ibili delarik ongi zekitelarik poliziaren granada batek zuela gaztea erail. Ezkerrekoa omen den gobernu honek sekulako ardura dauka arlo horretan, probokazioak akuilatuz eta konfrontaziora joz, ihardespenak erradikalizatuz eta oroz gainetik eredu zaharkitu baten xantre amorratua bilakatuz. Eta gero, mina eginda dagoenean, Ingurumen ministroa bidaltzen dute denak mahai baten inguruan eseri behar direla erranez.

Arlo ekologikoan, Nantes ondoko Notre Dame des Landes aireportuaren inguruan dauden batailek irudikatzen dute sortzen ari den militantzia mota berri hori, aurrez aurrekoaren gogortzearekin eta kontrako taldeen konbergentziarekin, erabaki guneak eta moldeak aldatzeko eskatuz. Bai gobernuak, bai Europak ezingo dute ekoizten eta kontra ekoizten dutenaren analisia bazterrean utzi. Tendentzia guztietako sentimendu antiliberala gora doa Europa osoan. Zer eskaini orduan etorkizunean, toki guztietan itxura berdina duten trenbide eta saltegi handiak ala kulturei eta naturari errespetu handiagoa dieten azpiegiturak? Instituzioek ere hautua egin beharko dute, eta beti bezala jarraituz gero, bere buruaz beste egitera doaz.

Gurera itzuliz, ehiztariak, ekologistak, euskal abertzaleak, frantses errepublikaren jarraitzaileak ukondoz ukondo dabiltza ATHren aurka. Nola konposatu behar bezala guztiekin?

Guk beti gardentasunez jokatu dugu. Koordinaketetara nahi duena hurbiltzen da: mila laguneko zerrendari bidaltzen zaie gomita eta bertan hartzen dira erabakiak. Herri bakoitzeko elkarteak dira lantzaren puntak, haiek dute lekuko ingurunea hurbiletik hoberen ezagutzen eta haiek dira herriko beste jendeetara heltzen, gure diskurtsoak sartzen ez ginen esferetara garraiatuz, eztabaidak sortuz. Dibertsitate horretan estrategien finkatzea ez zaio beti bakoitzak nahi lukeenari egokitzen, baina hemen gehien inplikatzen denak du errespetua irabazten. Orain arte behintzat ez da bereizketarik gertatu. Fronte honen gidoiari behar bezala eusten jarraitu nahi bada, iritzi guztiei egin behar diegu so. Eta ikuspuntuak hurbiltzeko xedez ari garelarik, denborarekin praktika bat finkatzen da, denen arteko konfiantza giroa dakarrena. Oroz gainetik, interes orokorreko guda batean gaudela azpimarratzea beharrezkoa da, zerbitzu publikoaren alde garela jakinaraztea, hurbileko trenbideak ehun soziala azkartzen duelako. Ez gaude bakarrik kontrako jarreran.

Lokaletik globalera, emaitza baikorrekin?

Jende dezente ikuspegi berekoiarekin dator hasieran, badakigu guregana hurbildu direla AHTren trazatuak euren baratzetik pasatzea aurreikusi duelako. Jende horiek gure argudioz janzten dira pixkanaka, horretan datza borroka honen aberastasuna. Nola onarrarazi «nire etxetik ez baina auzoaren etxetik pasatzen bada bost axola» posizioa besteen aurrean? Ez da zuzena. Zintzotasunez eboluzionatzen dute. Urrun zeuden askok ibilbide esanguratsua burutu dute, gaur egun norabide ekonomikoei buruz edozein forotan eroso mintza daitezke, txostenak xeheki aztertu, soluzioak aitzinatu. Eskuduntza handiak garatu dituzte zerumuga orotarik etorri adiskide horiek. Ez gaude gehiago kolpez kolpeko estrategia mediatiko batean, ondoan ditugun aditu independenteek helarazten dizkiguten diagnostikoek beste jokaleku batera eraman gaituzte, ildo bat ari gara betetzen eta gure etxetik kanpo ere zein trenbide politika sustatu behar den proposatzeko gai gara. Horretan datza gure indarra.

Beste dosier batzuetan arerio dituzuen hautetsiekin ere bat egiten duzue.

Hemengo hautetsiek ongi ulertu dute zein diren lekuko indar biziak, esperantza sustatzaileak. Herrietan AHTri buruzko erreferendumak antolatu eta %90ek ezezkoa diolarik hautetsi ugari bihurtzen dira gure kausaren aldeko, nahiz eta kasu bakar batzuetan bozak ez galtzeko maniobra soila izan. Hautetsi handiekin bestelako historia da, kolektiboaren barruan arraildura nabarmenagoak ikusi nahi lituzkete. Ez gaude horretan eta gainera denborak aldatu dira. Adibide bat jarriko dut: Lurramara Akitaniako Kontseilu Nagusiko lehendakaria dator orain, badaki eskema horiekin igurtziz onura zerbait atera dezakeela, nahiz eta gero produktibismoa goraipatu. Nekazaritza iraunkorraren borroka aitzindari dugu onarpen zabala eskuratu duelako, nahiz eta argi dugun nor den nor eta ez gaituen horrek hasieratik planteatu genituen aldarrikapenetatik mugiaraziko. CADEn alderdi politikoengandik independentzia osoa ukaitea hautatu genuen, ez gara inoren transmisio uhala, ekarpena baizik.

Ibilbide horretan damurik bai? Hego Euskal Herrian obrak azkar ari dira gauzatzen.

Guri ere gertatu izan zaigu beste atal batzuetan borrokak galtzea, erraustegi edo urbanizazio proiektuak ezin oztopatuz. Jarraipen eskubide dinamikan sartzen zara orduan, etorkizunean ondorioak lortuko dituzula esperoz. Ez diot inori leziorik eman nahi, Ipar Euskal Herrian dugun lurbeltz sozialak digu masa mugimendua eraikitzen lagundu. Gure akats bakarra goizegi arrazoi izatea izan da agian, AHTk SNCF konpainia kanibalizatuko zuela, zama garraioa liberalizatuko zutela edo trenbide sarea pribatizaziora joanen zela abisatuz. Dolu dut ezin izan ditugula joera hauek gehiago arrastatu.