Bidaiari

Udan bidaiatzeko munduko erreserbak 2022 baino %5 handiagoak dira, IATAren arabera

Erreserbek gora egin dute batez ere Asia-Pazifikoko eskualdean (+%134,7), covid-19ak eragindako murrizketak desagertu ostean. Ekialde Ertainean (+%42,9), Europan (+%39,9) eta Afrikan (+%36,4) ere igo egin dira.

               Bidaiariak Shanghaiko nazioarteko aireportuan.
Bidaiariak Shanghaiko nazioarteko aireportuan. (Hector RETAMAL | AFP)

Maiatzetik irailera bitartean bidaiatzeko mundu mailako aire-bidaien erreserbak %35 handiagoak dira 2022ko aldi berean baino, Nazioarteko Aire Garraioaren Elkartearen (IATA) datuen arabera.

Inkestak 11 herrialdetako 4.700 bidaiari hartu zituen, eta aurtengo lehen hiruhilekoko erreserba-datuei dagokie.

Erreserbek gora egin dute batez ere Asia-Pazifikoko eskualdean (+%134,7), covid-19ak eragindako murrizketak desagertu ostean; ondoren, Ekialde Ertainean (+%42,9), Europan (+%39,9) eta Afrikan (+%36,4).

Gainera, IATAk adierazi du bidaiarien %79k aurtengo goi-denboraldian bidaiatzeko asmoa duela. Era berean, gehienek arazorik gabe bidaiatzea espero dute, hegazkin-konpainiek eta aireportuek iazko kaosaren ondoren operazioak indartu ostean.

Aldaketa batzuk

Nick Careen IATAko Operazio, Segurtasun eta Babeseko lehendakariorde seniorrak nabarmendu duenez, «aldaketa batzuk espero daitezkeen arren, 2022an funtsezko aireportu batzuek izan zituzten trafiko-gehikuntzako arazoak konponduko zirenaren itxaropen argia dago».

«Eskari handiari aurre egiteko, aire-konpainiak ordutegiak planifikatzen ari dira, aireportuek, mugako kontrolek, lurreko laguntza-zerbitzuek eta aire-nabigazioko zerbitzuen hornitzaileek adierazi duten gaitasunaren arabera», gaineratu du.