Bidaiari

Glasgow-en, Banksy-ren bakarkako lehen erakusketa ofiziala: “The Cut & Run”

Banksy kale-artistak berak sare sozialetan aurreratu duenez, azken 14 urteotan egiten duen bakarkako lehen erakusketa ofiziala zabalduko du Glasgown (Eskozia) ekainaren erdialdean.

Banksy-ren lana Ukranian.
Banksy-ren lana Ukranian. (GENYA SAVILOV | AFP)

Bristolgo grafitigile misteriotsuaren “The Cut & Run” erakusketa Arte Modernoko galerian (GoMA) egongo da ikusgai eta 25 urtetan zehar, 1998tik, artistak egindako zenbait lan bilduko ditu.

Erakusketa hiru hilabetez egongo da zabalik, baita asteburuetan ere, gauetan. Bertan, Banksyk bere lan berezia sortzeko erabili izan dituen stencil txantiloi asko izango dira ikusgai.

Orain arte ikusi ez direnak

Orain arte ez du stencilik erakutsi eta horrek ikusmina sortu du, batez ere jarraitzaileen artean. «Stencil horiek baztertuta izan ditut urteetan, salaketaren batean froga gisa erabil daitezkeela jakinda, baina arrisku hori igaro dela dirudi, eta, beraz, orain galeria batean jarriko ditut artelan gisa, denek ikusteko moduan», iragarri du artistak berak Instagrameko bere orrian.

Erakusketan, besteak beste, grabatuak eta Banksyren komuna ere ikusi ahal izango dute bisitariek.

Orain arte, azken urteotan, bere obraren hainbat erakusketa egin dira mundu osoan zehar, baina beti artistaren baimenik gabe.

Ikusgai izango diren lanetako batzuk honako hauek dira: “Girl With Balloon” (Neska globoarekin) eta “Kissing Coppers” (Poliziak musuka).

Borodyankan –Ukrainako hiriburuaren kanpoaldean– bonbardatutako eraikin batean 2022ko azaroan agertutako obra baten stencil bat ere erakutsiko da galerian, emakumezko gimnasta bat orekak egiten irudikatzen duena. Ukrainarrek beren herrialdearen garaiezintasunaren sinbolo gisa goretsi dute obra hau.