Bidaiari

Dragon Boat jaialdia itzuli da

Dragon Boat jaialdia ospatu berri da Txinan. Azken urteetan egin bada ere, herritarrek inoiz baino gehiago gozatu dute, aspaldiko edizioak bezala egin baita aurten. Guztira, 174 arraunlari taldek hartu dute parte.

Kanoa bat Dragon Boat jaialdian.
Kanoa bat Dragon Boat jaialdian. (JADE GAO | AFP)

Hainbat urteren ondoren, Dragon Boat Festival jaialdi txinatarra ospatu da berriz ere, lehen bezala. Jendetza bildu du aurtengo edizioak, herritarrak irrikitan baitzeuden jaialdiaz gozatzeko. Stanleyn, 174 arraunlari taldek hartu zuten parte.

Hitzordua tradizio bihurtu da Txinan. Izan ere, mende bat baino gehiago pasa da lehen aldiz egin zenetik. Zehazki, 1976an estreinatu zen. Gaur, Unescoren “Gizateriaren ondare immaterial” zerrendan agertzen da.

Txinatar ilargi-egutegiko bosgarren hilabeteko bosgarren egunean ospatzen den kultur eta kirol ekitaldia da. Jaialdiak ez du inoiz hutsik egin, ezta pandemiaren urteetan ere, baina lehiaketa modu xumeagoan egin izan da, hainbeste jenderik gabe.

Herensuge-buruak

Jaialdia ikusgarria da benetan. Kolore distiratsuko herensuge-buruekin koroatutako kanoa ugari lehiatzen dira. Hamar metroko luzera dute itsasontziek. Tuen Ng bezala ere ezaguna da jaialdia eta, bertakoek diotenez, Qu Yuan poeta txinatarrari omenaldia egiten dio festak. Nonbait, bere buruaz beste egin zuen, ibai batean itota, faltsuki traidoretzat jo zutenean.

Dirudienez, bere heriotzaren berria zabaldu zenean, herritarrak arraunean hasi ziren, uretan gorpua aurkitu nahian, baina alferrikako saiakera izan zen. Eta, ondoren, zongzi (banbu hostoetan bildutako arroz-bolak) prestatu zuten eta ibaira bota, arrainak urruntzeko. Harrezkero, estropadako ikusleek plater tradizional hauetaz gozatzen jarraitzen dute urtero.