Bidaiari

Klimt-en azken erretratua 99,2 milioitan saldu da Londresen

“Dame mit facher” (“Dama abanikorekin”) margolana, Gustav Klimt austriarrak 1918an hil aurretik margotu zuen azken erretratua, 85,3 milioi liberatan (99,2 milioi euro) saldu berri da Londresko Sotheby’s etxean.

“Dame mit facher” artelana.
“Dame mit facher” artelana. (M. BELLENGER | AFP)

“Dame mit facher” (“Dama abanikorekin”) artelana orain arte Europan enkantean jarritako garestiena bihurtu da, eta, zifra horrekin, artistak berak ere marka berria lortu du, Sothby’s-eko bozeramaileak ziurtatu duenez.

Errekorra

“Dama abanikorekin” lanak Alberto Giacomettiren “Walking Man I” eskulturak orain arte zuen errekorra gainditu du. Izan ere, 2010ean 65 milioi libera ordaindu ziren (75,5 milioi euro, gaur egungo aldaketarekin), eta orain arte Europako enkante batean gehien baloratutako obra izaten jarraitzen zuen.

Orain saldutako erretratua Klimten estudioko asto baten gainean zegoen oraindik, 55 urterekin Vienan hil zenetik. Inoiz ez da ezagutu artelanean ageri den emakumearen izena.

Enkante etxeko adituen ustetan, obrak 1918ra arte –bere sormen unerik gorenetako batean zegoenean– Klimtek landutako «trebetasun tekniko eta sormen joritasun guztia» batzen ditu.

Bide berri bat

«Bere lanik goiztiarrenen formaltasunak, enkarguz eginak, adierazkortasun berri bati bide eman zion, batez ere motiboetan, koloreetan eta formetan.

Klimt 1917an hasi zen erretratuak egiten, kontinenteko erretratugile ospetsuenetakoa bihurtu arte.

Enkarguak ez zitzaizkion falta eta bere garaikide gehienek baino gehiago kobra bazezakeen ere, margolariak «askatasunerako eta espontaneotasunerako espazioa» mantendu nahi izan zuen.

«Bere interesak kontuan izanda egindako lan bitxia da hau», adierazi dute Sotheby ‘seko arduradunek.