Bidaiari

Arbaiungo arroila, ikusgarria Isuko begiratokitik

Irunberrikoaz gain, badira beste arroila ikusgarriak Nafarroan. Adibidez, Arbaiungoa, Nafarroako arroilarik zabalena eta, batzuen ustez, izugarriena. Eta halaxe azaltzen du Nafarroako Turismoak bere webgunean.

Arbaiungo arroila.
Arbaiungo arroila. (Nafarroako Turismoa)

Irunberritik abiatuz gero, 20 minutu beharko ditu bisitariak kotxez Arbaiungo arroilara iristeko, Otsagabirantz doan NA-178 errepidea hartuta.

Haitzarte hori, Zaraitzu ibaiaren urek urtetan zizelkatua, Irunberrikoa baino malkartsuagoa eta zailagoa da. Horregatik, gomendatzen dute Isuko begiratokitik gozatzea ikuspegiaz, bertatik arroilaren benetako tamaina ikus bait daiteke.

Hormigoizko plataforma bat da, amildegia goitik ikusteko aukera paregabea eskaintzen duena, eta informazio panelak eta doako aparkalekua ditu.

Ia 6 kilometroko luzera du, dena malkarrez, eta 400 metrora arteko altuera hartzen du une batzuetan; horiei esker ditu Arbaiungo arroilak natura-erreserba eta hegaztientzako babes bereziko eremu tituluak.

Beste arroila batzuk

Arroila gehiago ikusteko gogoz geldituz gero, iparralderantz jo besterik ez dago gozatzen jarraitzeko.

Hurbilena –Arbaiungo arroilatik 10 minutura– Benasako arroila da; hori ere natura-erreserba eta dibertsitate biologiko handikoa da. Sakanaren ondotik doan bidezidorrak hango baso ederraren ikuspegi ezin hobea eskaintzen du.

Eta handik 20 minutura –ekialderantz– Burgiko arroila dago. 3,5 kilometroko bidezidorra dago Ezka ibaiaren bazterrean, eta arroila horretako malkar ikusgarrietara eramaten du.

Azkenik, Burgitik ordu erdira, Erronkaribarren, Mintxateko arroila aurkituko du bisitariak. Sakanetik doan bidexka erraz egiten da, eta ibaia ur askorekin datorrenean, ur-jauzi eta zurrusta ederrak ikusten dira.

Beraz, arroilekin gozatzen dutenek badute aukerarik Nafarroan.