Bidaiari

Tximeleten erretratugile, Kolonbian

Munduan tximeleta espezie gehien dituen herrialdea Kolonbia da. Hala ziurtatu du Juan Guillermo Jaramillo argazkilari eta nekazariak, Andeetako inbentarioa egin duen taldeko partadidea.

Juan Guillermo Jaramillo argazkilaria.
Juan Guillermo Jaramillo argazkilaria. (Joaquin SARMIENTO | AFP)

Guillermo Jaramillok ere bere metamorfosia izan zuen. Animalientzako elikagaien enpresa bateko zuzendari ohia zen, baina hegodun faunaren mundua asko gustatzen zitzaionez, azkenean Kolonbiako tximeleten erretratugile bihurtu zen, ia konturatu gabe, hainbat urtez hegaztiei argazkiak ateratzea zein zaila zen egiaztatu ondoren. Bere zaletasun berriak, ordea, ustegabeko hegaldia hartu zuen.

Inbentarioaren zerrenda Londresko Historia Naturalaren Museoak argitaratu zuen, eta bertan biltzen da intsektu horien bildumarik handiena eta zaharrena. Checklist of Colombian Butterflies-ek 3.642 espezie bildu zituen Andeetako herrialdean, hau da, ezagutzen diren barietate guztien %19,4.

Irudi tradizionala hautsi

Baina Jaramillo, berak dioen bezala, ez da bildumagilea. «Tximeletei lotutako irudi tradizionala hautsi nuen, haiek hiltzen dituzten bildumagileena, gutun-azal batean sartu eta gero orratz batekin kutxa batean sartzen dituztenak. Ezin ditut hil, besterik gabe», azaldu du Jardineko bere etxean, Antioquia departamenduko udalerri batean, Kolonbiako ipar-mendebaldean.

Jaramillok salatu du baso-soiltzeak, abeltzaintzak eta Lurraren berotzeak habitatak suntsitzen ari direla, eta gogorarazi du, erleekin batera, tximeletak polinizatzaile garrantzitsuak direla eta txorien eta sugeen elikagai-iturri.

Agronomo kolonbiarrak 220.000 tximeleten argazki ditu eta Kolonbiako 1.500 espezie baino ez ditu hartu, beste erretratugile batzuek erabili duten zerrendaren erdia baino gutxixeago.