Bidaiari

Ugandako erregeen hilobiak arriskuan dauden ondareen zerrendatik kentzeko aholkua

Unescok gomendatu du Bugandako subiranoen hilobiak gordetzen dituen gunea arriskuan dauden ondareen zerrendatik kentzea. Kasubin dago, Ugandako hegoaldean, eta 2010ean sute batek kaltetu ondoren, zaharberritu egin dute, jatorrizko itxura berreskuratuz.

Bertakoek lastozko sabaiak konpontzen.
Bertakoek lastozko sabaiak konpontzen. (STUART TIBAWESWA | AFP)

Kampala hiriburuko muinoetan kokatuta, Bugandako subiranoen hilobiak gordetzen dituen gunea Unescoren munduko ondareen zerrendan sartuta dago 2001. urtetik. Lastozko sabaiak dituzten egurrezko eraikin zirkularrez osatuta dago bertakoentzat leku sakratua den gunea. Kanpotik doazenak ere txundituta gelditzen dira ikusitakoarekin.

Iailaren 10etik 25era Saudi Arabiako Riad hiriburuan bilduko da Munduko Ondarearen Komitea eta, beraz, 21 estaturen ordezkariek hartuko dute erabakia. Haiek izango dute azken hitza.

Arriskuan dauden ondareen zerrendatik kentzea erabaki sinboliko eta esanguratsua izango litzateke, Unescoren arabera; izan ere, zerrenda horretan agertzen diren guneen %50 Afrikako kontinentean daude.

Bugandako lau “kabaka”

Kasubiko gunea nazioarteko finantziazioen laguntzarekin berreraiki zen, 2010eko martxoan sute batek Muzibu-Azaala-Mpanga izeneko eraikin nagusiaren zati handi bat suntsitu ondoren. Bugandako lau “kabaka” (erregeen) hilobiak daude bertan eta ahalik eta ongien kontserbatzea da helburu nagusia.

Kabaken jauregi zahar hau, 1882an eraikia eta 1884an errege hilobi bihurtua, «Bugandako erresuma boteretsuak XIII. mendetik aurrera garatutako arkitektura estiloaren adibide aparta da», Unescoren adituen arabera.

Bugandakoek eragin handia izan zuten ekonomikoki zein politikoki eta beren erregetzaren defendatzaile sutsuak ziren. Ronald Muwenda Mutebi II.a gurtzen zuten, 1993an sinbolikoki berrezarritako erregea.