Bidaiari

Bizkaiko Zin-bidearekin amaituko da “Ibilbide historikoak” programa

Bizkaiko Foru Aldundiak 2023an antolatutako “Ibilbide historikoak” programak Zin-bidearen eskutik amaituko ditu irailean bisitaldi gidatuak. Egitarauak ibilbide kultural, historiko eta turistikoak prestatu ditu udaldiko hiletan lurraldearen historian barrena.

Bizkaiko Zin-bidearen une bat.
Bizkaiko Zin-bidearen une bat. (Bizkaiko Foru Aldundia)

Bizkaia ezezaguna eta itxita ohi dauden toki apartak eta bereziak ezagutaraztea helburu duen “Ibilbide historikoa” bisitaldien programa Bizkaiko Zin-bidearekin amaituko da. «Gure lurralde historikoaren bihotzetik ibiltzeko eta gure nortasun politikoaren jatorria ezagutzeko era atsegina izango da, Bizkaiko Jaunek Foruak zin egiteko erabiltzen zituzten tokien bitartez. Ondarea, historia, mendia eta paisaiak uztartuta», diote arduradunek.

Ibilbidea zenbait modutan egin daiteke: oinez, hiru egunetan, ala autobusez, goiz bakar batean.

Zin-bideak Bilbo zuen hasiera; Gernika-Lumo, erdigune, eta Bermeo, berriz, helmuga. Ibilbidean zehar, partehartzaileak jakingo du Bizkaiko Foruak zein tokitan eta monumentutan zin egiten ziren. «Gure historia eta Bizkaiko Foruen muina dira esperientzia horren ildo nagusia». Halaber, itxita ohi dauden eta bisitaldirako zabalduko diren interes historiko, artistiko eta erlijiosoa dituzten toki eta inguruetan sartzeko aukera eskaintzen du ibilbideak. Beraz, aukera polita da bertaratzeko eta gutxi ezagutzen den ondare historikoa eta Bizkaiko barrualdeko eta kostaldeko paisaia joriak eta askotarikoak ezagutzeko.

Zenbait egunetan

Bisitaldien egunak honako hauek izango dira: irailaren 8an, 9an, 10ean, 15ean, 16an eta 17an.

Interes historikoa duten Bizkaiko tokiak ezagutzeko bisitaldi gidatuak maiatzean, ekainean, uztailean eta abuztuan egin dira, eta irailean amaituko. Guztira, 8 plan, Bizkaia ezezaguna eta itxita ohi dauden toki apartak eta bereziak ezagutzeko.

Hamahirugarren edizioan, jarduera gozagarri ugari egon da: ibilbideak tren turistiko batean; pasealdi patxadatsuak naturaz, paisaiaz, ondareaz eta historiaz gozatzeko; mendi-ibiliak eta aribideko indusketen eta ikerketen gaineko berri interesgarriak.

“Ibilbide historikoak”

“Ibilbide historikoak” programaren eskutik, udaldiko hiletan Bizkaiko ondarearen altxor nagusiak eta bertoko natura- eta paisaia-ingurune paregabea eta txundigarria ezagutzeko aukera ematen die bisitariei Bizkaiko Foru Aldundiak. Bisitaldi gidatuek Euskal Herria Museoa, El Pobaleko Burdinola eta Arkeologi Museoa foru-museoen aholkua jaso dute, baita Bizkaiko historiaren monumentu aparta horien indusketetan, ikerketan eta kontserbazioan esku hartu duten profesionalek ere.