Bidaiari

Itsas ondare kulturalaren transmisioa: “Zer da itsasoa zuretzat?”

“Zer da itsasoa zuretzat?”. Galdera horixe da Itsasmuseum-ek antolatutako lehiaketaren abiapuntua. Haurrek galdera hori egin beharko diote inguruko heldu bati itsasoak euskal kulturan duen garrantziaz hausnartzeko. Belaunaldien arteko elkarrizketak izango dira, azken finean.

Itsasoa da lehiaketaren ardatza.
Itsasoa da lehiaketaren ardatza. (Gorka RUBIO | FOKU)

Itsasmuseum Bilbaok XX. urteurrena beteko du aurten, eta, hori ospatzeko, BBKrekin elkarlanean, DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleentzako lehiaketa antolatu du. Smartphonearekin grabatutako elkarrizketak egingo zaizkie ikasleen inguruko adinekoei, “Zer da itsasoa zuretzat?” galderatik abiatuta.

Itsasmuseum Bilbaok azaldu duenez, ekimenaren helburua da biloba baten eta bere amama/aititeren edo erreferente den adineko beste pertsona baten arteko elkarrizketa sortzea itsasoa ardatz hartuta, baina «lasaitasunez planteatuta, jakin-minetik abiatuta, batetik ikasteko eta, bestetik, partekatzeko, bi belaunaldien arteko elkarrizketan sor daitezkeen gaiak askatasun osoz jorratuz».

Ondare kulturalaren transmisioa

Ekimen honen bidez zubi lana egin nahi da adineko pertsonen eta belaunaldi berrien artean itsas ondare kulturala transmititzeko, horixe baita museoaren zeregin nagusietako bat.

Ikasleek ikastetxearen eskutik zein modu librean parte har dezakete, eta egiletza banakakoa edo kolektiboa izan daiteke, gehienez ere lau laguneko taldeetan.

Lehiaketaren helburua da itsasoak berak eta itsasoak euskal kulturan duen garrantzia nabarmentzea, belaunaldien artean jakintzak, bizitza-esperientziak eta jakinduria transmititzea eta nerabeen artean tresna digitalen erabilera arduratsua eta sortzailea sustatzea, museoaren arabera.

Edukia 3 eta 8 minutu arteko elkarrizketa batean oinarritzen da, itsas munduari lotutako edozein gairi buruz euskaraz edo gaztelaniaz egindako adineko pertsona bati edo bati baino gehiagori.