Bidaiari

Errekaldeko plaza, zirkoaren agertoki bihurtuta

Aurten ere Bilboko Errekaldeko plaza zirkoaren topaleku bilakatuko da zenbait egunez, Zirkualde jaialdiko 14. edizioa ospatuko baita auzoko hamaika kale eta txokotan. Gainera, Dantza Bertikalaren I. Topaketa egingo da lehen aldiz.

Aurtengo edizioko kartela.
Aurtengo edizioko kartela. (Zirkualde)

Zirkualde zirkuko arteen jaialdiaren 14. edizioa egingo da irailaren 21etik 23ra, bost talderen emanaldiak eskainiz. Ohi bezala, Errekaldeko plaza izango da agertoki nagusia, publiko guztientzako akrobazia, trapezio, masta txinatar, malabar, orekakeria eta umorezko ikuskizunen proposamenak partekatuko dituzten konpainiekin.

Hain zuzen, antolatzaileek jakitera eman dutenez, La Fem Fatal, La Trapecionista KIA eta Malas Compañías Zirko Taldea euskal taldeek, Circ Pistolet katalanak eta Cía D'Click aragoiarrak parte hartuko dute jaialdian.

La Fem Fatal taldearen “AsKe” ikuskizunarekin hasiko da Zirkualde irailaren 21ean (20:00etan). Biharamunean, hilaren 22an, La Trapecionistak “Artxipielago” eskainiko du 18:00etan eta Circ Pistolet taldeak “Quizás no hay final” 19:00etan.

Jaialdiaren azken egunean, irailaren 23an, bi ikuskizun izango dira: Malas Compañías Zirko Taldearen “Zirkus” (18:00etan) eta Cía D'Clickeren “Latas” (19:00etan).

Dantza Bertikalaren I. Topaketa

Gainera, Dantza Bertikalaren I. Topaketa egingo da aurten jaialdiaren baitan, dantza bertikalaren eta arnes lanaren profesional eta erdi-profesionalei zuzenduta, La Glo Zirko eta Dantza Konpainiarekin elkarlanean antolatuta.

Estatu osoko eta Europako beste herrialde batzuetako 30 profesionalek baino gehiagok eman dute izena topaketarako, eta irailaren 19tik 21era egingo da. Gainera, El Fango Kiroldegian izena ematen dutenentzako tailer praktikoez gain, beste jarduera batzuk izango dira.