Bidaiari

“San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako kontakizunak”, auzoetara hurbiltzeko

Bilboko Udalak “San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako kontakizunak” izeneko literatur lehiaketa jarri du martxan Zubirik 2025 Planaren barruan, auzootan bizi diren, ikasten ari diren edo bizimodua egiten duten gazteei zuzenduta.

San Frantzisko kalea, Bilbon.
San Frantzisko kalea, Bilbon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Bilboko Udalak “San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako kontakizunak” izeneko literatur lehiaketa jarri du martxan Zubirik 2025 Planaren barruan, auzootan bizi diren, ikasten ari diren edo bizimodua egiten duten gazteei zuzenduta.

Abenduaren 1era arte, San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako 14 eta 18 urte bitarteko gazteek auzoetako bizimoduan oinarritutako kontakizunak idatzi ahal izango dituzte, euskaraz, gaztelaniaz edo beste edozein hizkuntzatan (horrelakoetan, jatorrizkoarekin batera, itzulpena aurkeztu behar dute).

Bilboko Udaleko iturriek jakitera eman dutenez, ipuinen, kroniken, autobiografien eta egunerokoen moldeko testuak onartuko dira.

Hiru helburu

Ekimen berri honen bidez, Bilboko Udalak hiru helburu ditu: gazteei ahotsa ematea, auzootako kultur baliabideetara hurbiltzea eta gazteen, ikastetxeen, kultur baliabideen eta tokiko merkataritzaren arteko sareak indartzea.

Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotzi eta Zubirik 2025 Planaren arduradunak nabarmendu du “San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako kontakizunak” proiektu berritzailea dela hirian, «gazteei eta era askotako pertsonei talentua sortzen laguntzea ahalbidetuko diena, ahots eta begirada berriak detektatuz, eta, aldi berean, kolektibo horren adierazpidea sustatzeko eta haien esperientziei ikusgarritasuna emateko aukera eskaintzeko».

Epaimahaia

Bilboko Udaleko kide batek, Begirune Fundazioko ordezkari batek eta proiektuan laguntzen duten Katixa Agirre eta Aixa de la Cruz idazleek osatuko dute epaimahaia, eta 8-15 kontakizun hautatuko dituzte. Kontakizun horiek, ondoren, Agirrek eta De La Cruzek emango duten tailer batean landuko dira, hobetzeko, eta, azkenik, argitaratu egingo dira Blackie Books argitaletxeak koordinatutako antologia batean.

Gainera, irabazleei bonu bana emango zaie San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetako liburu dendetan erabiltzeko, eta 20 accesit ere banatuko dira.