Domu Santu gauean, bisita antzeztua Mariaren Bihotza plazako aztarnategian
MusEkintzak, Bizkaiko museoetako arte eszenikoen jaialdiak, hirugarren emanaldia eskainiko du urriaren 31n, Domu Santu gauean, Bilboko Mariaren Bihotza plazako aztarnategian. “Lurrazpiko Ahotsak” antzezlana ikusi ahalko da Hortzmuga Teatroaren eskutik.
Hortzmuga Teatroaren “Lurrazpiko Ahotsak” bisita gidatua Bilboko Mariaren Bihotzaren azpiko aurri arkeologikoen kokagunetik abiatuko da, Domu Santu gauean. Bi bisita egingo dira:euskaraz (20:30ean) eta gaztelaniaz (22:00).
Ekitaldi honen bidez, aztarnategiaren historia ezagutzera eman eta Euskal Herrian oso errotuta dagoen tradizio bat gogoratu nahi da: urriaren 31 gaua, Gau Beltza edo Arimen Gaua izenez ezaguna.
MusEkintzaren hirugarren edizioak poesia, antzerkia, ilustrazioak eta dantza estilo desberdinak uztartu ditu, besteak beste, egitarauan. Jaialdia abendura arte luzatuko da eta, Aztarnategiko hitzorduaz gain, Euskal Herria Museoan eta Arkeologi Museoan ikuskizunak eskainiko dira.
Jaialdia irailaren 23an hasi zen Arrantzaleen Museoan, eta, ondoren, irailaren 30ean, Oreka TX eta Amaia Elizaranen “Koklea” emanaldia ikusi ahal izan zen Muñatones Gazteluan. Orain, esan bezala, Bilboko Mariaren Bihotza plazako aztarnategian Hortzmuga Teatroak “Lurrazpiko Ahotsak” ikuskizuna eskainiko du, urriaren 31n.
Datozenak
Azaroaren 18an, Miren Agur Meabe, Sonia Rueda eta Inun Euskal Herria Museoan izango dira, “Fabulak, leihoak eta beste ur batzuk” emanaldiarekin eta, azkenik, Mikel Santiago “Whodunnit? ¿Quién lo hizo?” misterio jolasaren protagonista bihurtuko da Bilboko Arkeologi Museoan, azaroaren 25ean.
Ikuskizunetara joateko, beharrezkoa da aldez aurretik sarrera erreserbatzea kasuan kasuko ekitaldia egingo den museoan edo espazioan.