Bidaiari

Zientzia protagonista Bilbon, Darwin Egunaren harira

‘Eboluzioari begirada bat’ eta ‘Zer moduz, neandertal? Ezagun zahar baten inguruko datu berriak’ hitzaldiak eskainiko ditu aurten Bilbon Darwin Egunak. Aurtengoa 18. edizioa izango da.

Bidebarrieta Kulturgunean zientzia izango da protagonista.
Bidebarrieta Kulturgunean zientzia izango da protagonista. (Getty Images)

Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturguneak Darwin Egunaren 18. edizioa jarriko du martxan otsailaren 12an. Urtero bezala, zientziaren inguruko jarduera berriak eskainiko ditu topaketak irauten duen bitartean.

Hasteko, biologo, Neurozientzietan doktore eta Salamancako Unibertsitateko irakasle Conchi Lillo Delgadok eta Asier Gomez Olivencia paleontologo eta giza eboluzioan adituak hitzaldi bana eskainiko dute.

Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez, Conchi Lillo Delgadok ‘Eboluzioari begirada bat’ hitzaldia eskainiko du. Ornodunen eta ornogabeen bitxikerietatik eta ezaugarrietatik abiatuta, izaki bizidunen ikus sistemak nola funtzionatzen duen eta bizirauteko nola garatu den azalduko du.

Zer moduz, neandertal?

Bestalde, Asier Gomez Olivenciak neandertalen inguruan egin diren azken aurkikuntzak azalduko dizkie bertaratutakoei, eta teknologia berrien erabilerari eta aztarnategi klasikoen berrikuspenari esker lortutako datu berrietan sakonduko du ‘Zer moduz, neandertal? Ezagun zahar baten inguruko datu berriak’ hitzaldian.

Mintzaldiak Bidebarrietako liburutegiaren areto nagusian izango dira, 18:30etatik aurrera, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Kultura Zientifikoko Katedrak eta Bidebarrieta liburutegiak sustatuta.

Sarrera doakoa eta librea izango da aretoko eserlekuak bete arte, eta bertaratzerik ez badago streaming bidez jarraitu ahal izango da Bidebarrieta Kulturgunearen YouTubeko kanale.

Aurtengoa 18. edizioa da eta, urtetik urtera, gorantz doa hitzaldiak entzutera hurbiltzen direnen kopurua. Izan ere, jendeak asko eskertzen du urtero zientziaren inguruko jardueretan parte hartzeko aukera izatea.