Bidaiari

Meridako erromatar antzokiko ‘Esfingea’ Bilboko Arkeologia museoan, ikusgai

Bizkaiko Arkeologia Museoaren, Oiassoko Erromatar Museoaren eta Meridako Monumentu Hiriaren Partzuergoaren arteko lankidetzari esker, Esfinge baten eskultura, bere garaian Meridako antzoki erromatarraren elementu apaingarria izan zena, iritsi da Bilbora, zehazki, Arkeologia Museoara.

Bilboko Arkeologia museoan ikusgai dagoen ‘Esfingea’.
Bilboko Arkeologia museoan ikusgai dagoen ‘Esfingea’. (Bizkaia.eus)

Meridako antzoki erromatarraren elementu apaingarria izan zen ‘Esfingea’ Bilboko Arkleologia museoan dago ikusgai, Bizkaiko Foru Aldundiaren esku dagoen museoaren, Oiassoko Erromatar museoaren eta Meridako Monumentu Hiriaren Partzuergoaren arteko lankidetzari esker.

Eskultura horrekin hasi da ‘Pieza gonbidatua eta bere testuingurua’ izeneko erakusketa programa, gure inguruan oso gutxitan ikus daitezkeen eta beste erakunde edo partikularrek aldi baterako lagatako obrak jendeari hurbiltzeko ekimena, hain zuzen ere.

Hegodun esfingea

II. mendearen hasieran landu zen pieza orduko Augusta Emeritako antzokirako. Hegodun esfinge bat da, eta harmaila orchestratik isolatu eta hiriko eliteek betetzen zituzten aulkiak zaintzen zituen.

Marmol zurizko bloke monolitiko batean zizelkatuta dago, arrosa itxurako uhal gorriekin, eta 7,5 zentimetroko gehieneko altuera duen oinarri baten gainean dago. Burua, hegoen errematea eta aurreko hankak falta ditu, baina ile uhinduzko metxak edo xerloak, lumaje hondarrak eta ia hego guztiak ditu, baita sei titi sabelean, atzaparrak eta atzeko hanken arteko buztan bukaera ere. Atzealdean bi ainguraketa marka ditu. 86,5 zentimetroko altuera du, 84 zentimetroko zabalera eta 380 kiloko pisua.

Mundu klasikoko esfingeak bizitzaren boterea, indarra eta garaipena sinbolizatzen zituen. Horregatik, hormetan, sabaietan eta jauregietako altzarietan, nobleen etxeetan, termetan, eraikin publikoetan, tenpluetan eta hilobietan daude irudikatuta.

Berreskuratutakoa

Meridakoa bezalako antzokietan ere agertzen zen. Granitoz egindako eraikina izan zen, marmolez eta hainbat koloretako iztukuz apaindua. Eraikina hainbat aldiz berritu zuten jardunean egon zen bitartean. Harrobi gisa utzi zuten, eta bere aurrien gainean nekazarien etxe apalak eraiki zituzten. Duela mende bat baino gehiago egindako indusketen ondoren berreskuratu zuten eraikina.

‘Esfingea’ Bilboko Arkeologia museoko Mallona aretoan egongo da ikusgai apirilaren 30era arte, astelehenetik larunbatera 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, eta igande eta jaiegunetan 10:30etik 14:00etara.