Bidaiari

‘Euskara Munduan’, Etxepareren fruituak

Euskal diasporan euskara irakasle arituko diren 16 lagun Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian egon dira zortzi astez euskara gaitasunak indartzen, Etxepare Institutuaren ‘Euskara Munduan’ programaren barruan. Argentina, Txile eta Uruguaikoak dira.

Maizpide euskaltegian egondakoak elkartu egin dira euren herrialdeetara joan aurretik.
Maizpide euskaltegian egondakoak elkartu egin dira euren herrialdeetara joan aurretik. (Etxepare.eus)

Taldea 2020an hasi zen zerotik euskara ikasten, eta lehen aldiz testuinguru euskaldunean murgilduta egin duten ikastaro trinkoa amaitu ondoren, euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean. Lau urteotan sareko prestakuntza eta aurrez aurrekoa tartekatu dituzte.

Ikasleek urtero 34 astez beren kabuz ikasi dute HABEren ‘Ikasten’ sareko plataformaren bidez, eta urtean birritan astebeteko barnetegiak egin dituzte. Talde honen kasuan, gainera, pandemia tarteko, horietako hiru barnetegi sarean egin behar izan dituzte (2020ko uztailekoa eta 2021eko urtarrila eta uztailekoak). Datorren uztailean Buenos Airesen egiaztatze azterketak egingo dituzte B1, B2 edo C1 mailak eskuratzeko.

Montevideoko (Uruguai) Maria Noel Abellak adierazi duenez, «euskararen bidez, gure arbasoek mundua ikusteko zuten modua ulertzen dut orain. Opari bat izan da. Gure amari berak fonetikoki errepikatzen zituen hitzen esanahia kontatu ahal izan nion».

Halaber, Argentinako Bahia Blancako Irma Angelica Biscaychipyk esan du bere aitona-amonak Iparraldekoak zirela: «Aitonak euskara berreskuratu zuen hil baino lehen. Oroipen hori nirekin daramat, eta horrek animatu ninduen euskara ikastera».

‘Euskara munduan’

Etxepare Euskal Institutuak euskal etxeetan euskara irakatsiko duten tokian tokiko pertsonak trebatzen ditu ‘Euskara Munduan’ programaren bidez, komunitate horietan euskararen transmisioa ez galtzeko helburuarekin.

1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko ‘Argentinan Euskaraz’ egitasmoan du jatorria programak. Urte batzuk beranduago munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordutik ‘Euskara Munduan’ deitzen da.

2018az geroztik Etxeparek kudeatzen du, eta munduko euskal etxeetan ematen diren euskara eskolak diruz laguntzen, euskal etxeak euskara eskolak emateko materialez hornitzen, euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatzen eta euskara irakasleen trebakuntza sustatzen ditu, giza baliabideei dagokionez, euskal etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu behar izaten baitute. Ehundik gora dira programa abiatu zenetik trebatu diren irakasleak, eta horietatik 35ek euskara klaseak ematen dihardute.