Euskal Itsas Museoak Donostiako kaia ezagutzeko bisitak antolatu ditu Aste Santuan
Museo gehienek bezala, Euskal Itsas Museoak ere jarduera bereziak eskainiko ditu Aste Santuan. Bisitak eta tailerrak aukeran izango dituzte bertaratzen direnek, helduek zein haurrek. Udaberri hasierako jaiegun hauek aproposak izaten dira urtean zehar egiten ez diren txangoak antolatzeko.
Euskal Itsas Museoak Aste Santurako jarduera ugari antolatu ditu helduentzat eta haurrentzat. Adibidez, ‘Moilak. Tradizioz Berritzaileak’ erakusketara bisita gidatuak eskainiko ditu. Azken bi mendeetan euskal portuek izan duten garrantzia du ardatz erakusketak. Hori bai, joan aurretik erreserba egin behar da webgunearen bidez.
Bestalde, museoak ‘Moilaz Moila’ bisita eskainiko du Pasaian martxoaren 23an, Xabier Alberdi eta Peio Urrutia adituen eskutik. Bakailaoaren arrantzaleen historiaz eta Pasaiako inguruan izan duten eraginaz arituko dira ordubetez 10:30etatik aurrera. Abiapuntua Pasaiako Ciriza Etxearen sarrera izango da.
Martxoaren 30ean eta apirilaren 6an, berriz, museoak Isturiz anaiak eta Kofradia Itsas Etxearekin sortutako ‘Bizi Donostiako portua’ bisitaldia hasiko da. Donostiako portuko historia, arrantza eta gastronomia ezagutzeko aukera paregabea eskainiko du bi orduz, 10:00etatik aurrera. Bisitak hilean bitan eskainiko dira, martxotik urrira bitartean, eta Euskal Itsas Museoaren sarreran elkartuko dira bisitariak.
Baina ikastaroak ere eskainiko ditu Euskal Itsas Museoak Aste Santuan. Zehazki, apirilaren 4an zurezko serigrafia tailerra izango da. Jardueran parte hartzen duten familiek fototransferentzia teknika erabiliko dute egur birziklatuan museoaren bildumaren parte diren obrak inprimatzeko.