Bidaiari

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak denboraldi berria abiatuko du asteburuan

Azarora bitartean, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko trenak martxan jarriko ditu asteburuetan eta jai egunetan. Denboraldiari hasiera emango dio hiru tren zirkulazioan jarriz.

Burdinbidearen Euskal Museoko tren historikoetako bat Azpeitian, artxiboko irudian.
Burdinbidearen Euskal Museoko tren historikoetako bat Azpeitian, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko trenen hiru zirkulazio eskainiko ditu asteburuetan, azarora arte, larunbat, igande eta jaiegunetan egingo den 2024ko denboraldiaren baitan.

Hain zuzen, Euskotreneko iturriek jakinarazi dutenez, trenek museoaren instalazioetatik Lasaoko geltokirainoko bidea egingo dute, larunbatean, maiatzaren 11n, 12:00etan eta 17:30ean, eta igandean, maiatzaren 12an, 12:00etan.

Jakina denez, Burdinbidearen Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa erakusten du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak eta bagoi mota desberdinak.

Era berean, Euskal Herriko makina erreminta multzorik osatuenetakoa eskaintzen du, Urolako Trenbidearen tailer mekaniko zaharraren bidez, eta XIX. mende amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen eta munduko tren erlojuen bildumarik onenetako baten erakusketak ditu.

‘Sugin egun batez’ jarduera berreskuratu

Gainera, museoak ‘Sugin egun batez’ jarduera berreskuratu denboraldi honetan, eta tren makinan joan-etorria egiteko aukera eskainiko du. Erreserbak aukeratutako eguna baino 72 ordu lehenago egin beharko dira gutxienez.

Museoko instalazioen ordutegia honako hau da: asteartetik ostiralera (lanegunetan), 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era; larunbatetan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era; igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik), 10:30etik 14:00etara.

Zabaldu zenetik, museoaren bisitarien kopurua handituz joan da urtetik urtera. Bertaratzen direnak, gainera, Euskal Herrikoak zein kanpokoak dira.