Bidaiari

Geolodiak EAEko geologia ezagutzeko doako txangoak eskainiko ditu

Ibilbide geologiko, bideo ibilbide geologiko, geohitzaldi eta bideojoko baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko geologia ezagutzeko aukera eskainiko dute Geolodiak dibulgazio geologikoko txangoek maiatzaren 11 eta 12ko asteburuan.

Historiaurreko Bailararen aurkezpen ekitaldia.
Historiaurreko Bailararen aurkezpen ekitaldia. (Jon Urbe | FOKU)

Espainiako Geologia Elkarteak Geolodiak dibulgazio geologikoko txangoen edizio berria antolatu du maiatzaren 11 eta 12an, eta Euskal Autonomia Erkidegoko geologia ezagutzeko aukera eskainiko du doako ibilbide geologiko, bideo ibilbide geologiko, geohitzaldi eta bideojoko baten bidez.

Euskal Herriko Unibertsitateko iturriek jakinarazi dutenez, Araban igandean (maiatzak 12) egingo da Geolodia, Sobron eta Bachicabo herrien arteko malkar harritsuetan. EHUko irakasleek gidatuko dituzte ibilbideak: lehena Sobrongo presatik Sobron herri berriraino izango da, eta bigarrena, berriz, Bachicabotik Renejas amildegiaren burualderaino, Cantopero haitzaren azpian. Gainera, mapa geologikoak jasotzeko erabiltzen diren teknika kartografikoak aurkeztuko dira.

Bizkaian eta Gipuzkoan

Bizkaian, Zierbena eta Muskiz arteko Arena hondartzan egingo da ibilbidea, larunbatean (maiatzak 11), eta EHUko Geologiako irakasleek eta Energiaren Euskal Erakundeko kideek gidatuko dute, Muskizko Udalaren laguntzarekin. Ibilbidea Arena hondartzako aparkalekuan hasiko da, Pobeñaraino, eta han Itsaslur pasealekuaren lehen zatira igoko da.

Gipuzkoari dagokionez, maiatzaren 11n izango da Geolodia, Euskal Kostaldeko Unesco Geoparkeak EHUren laguntzarekin antolatuta. Deba ibarreko modelatze karstikoa eta Historiaurreko Haraneko aztarnategi arkeologiko eta paleontologiko nagusien banaketa behatuko dira. Ibilbidea Debako kirol portuan hasi eta Bailara Haranean amaituko da.

Geolodia Espainiako Geologia Elkarteak antolatzen duen Geologiaren dibulgazio-jarduerarik handiena da. Helburua du geologia adin guztietako jendeari hurbiltzea, benetan erakargarri eta indartsua den jarduera baten bidez: herrialde bakoitzean, geologoen eskutik gidatuak izango diren ibilaldi dohakoak.

Geolodia 2005ean hasi zen ospatzen Teruelen eta, 2011. urtetik aurrera, maiatzaren lehenengo edo bigarrengo asteburuan ospatzen da. Geologiaren garrantzia gizartean zabaltzea, geologoaren lanbidea ezagutaraztea, gure lurraldeko geodibertsitate aberatsa azalaraztea eta gure ondare geologikoaren zaintza eta babesaren beharra azpimarratzea dira topaketaren helburuak. Urte hauetan, partaidetza goraka joan da, eta azken urtean 10.000 lagunetik gora parte hartu zuten, Estatu espainoleko guztiko 500 geologo eta profesionalen borondatezko gidaritzapean.