Bidaiari

KaldeArte, Gasteizko kaleak artez alaituta

KaldeArte Kaleko Arteen Nazioarteko Erakusketaren 18. edizioak 31 talderen 81 ikuskizun eskainiko ditu Gasteizen ekainaren 7tik 9ra bitarte. Aurten kokapen berria izango du jaialdiak: Montehermosoko Ur Biltegi Zaharra.

Aurtengo karteleko irudia.
Aurtengo karteleko irudia. (vitoria-gasteiz.org)

KaldeArtek 31 talderen 81 ikuskizun eskainiko ditu; bost talde Gasteizkoak dira, bederatzi Euskal Autonomia Erkidegoko beste toki batzuetakoak, zortzi Espainiako Estatukoak eta bederatzi beste herrialde batzuetakoak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo berritasun nagusia da jaialdiak kokapen berria izango duela, Montehermosoko Ur Biltegi Zaharra, hain zuzen. Gainera, Plaza Berria berreskuratuko da agertoki gisa.

Egitarauari dagokienez, ikuskizun ibiltari gehiago izango dira aurten (iaz bat eta aurten hirtu): ‘Ulik's Opus II’, ‘Birakolore’ eta ‘Arrived’. Gainera, erabateko bi estreinaldi egongo dira: Gasteizko Altraste Danza konpainiaren ‘El Bolero’ eta Maite Guevararen ‘Susto’ (KaldeArte eta Bilboko Kalealdia jaialdien arteko ekoizpena).

‘Resiste’ eta ‘Desprovisto’

Halaber, KaldeArten izango diren taldeen artean daude, besteak beste, Les Filles du Renard Pale konpainia frantsesa, zabaltze-ekitaldian ‘Resiste’ ikuskizuna eskainiko duena, eta Uparte talde espainiarra, jaialdiari amaiera emango dion ‘Desprovisto’ lanarekin.

Edukiera mugatutako ikuskizunetarako gonbidapena beharrezkoa izango da, eta emanaldia hasi baino ordubete lehenagotik lekuan bertan egongo dira eskuragarri. Gonbidapen bat emango da pertsona bakoitzeko.

«Gasteizko Kaleko Arteen Nazioarteko Erakusketa Euskadin dauden era horretako hiru jaialdi nagusietako bat da. Bere eskaintza askotarikoa eta kalitatezkoa da eta, horri esker, Euskadik kaleko ikuskizunen zirkuitu sendoa eta maila gorenekoa du», nabarmendu du Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Sonia Diaz de Corcuerak.

‘Harria’ koreografia lehiaketa

Bestalde, otsailean iragarri bezala, KaldeArtek dantza garaikidearen aldeko apustua egingo du aurten Larrua Proiektuaren eskutik, ‘Harria’ hiriguneetan egindako dantza garaikideko lehen koreografia lehiaketarekin.

Lehiaketa erakusketa plataforma gisa sortu da kalerako sortutako beren azken lanak ezagutarazi nahi dituzten konpainia profesionalentzat, sortzaile gazteentzat edo sortu berriak diren eta beren kaleko eta gune ez-konbentzionaletan eskainitako koreografiak Estatu mailan aurkezteko eta bultzatzeko aukerak bilatu dituzten konpainientzat.

Lehenengo edizio honetan 31 proiektu aurkeztu dira, eta Vertebrata, Bailaban las Perolas, Dos Pies Para Dos eta Henko taldeak aukeratu dituzte. Guztiek eskainiko dituzte beren ikuskizunak jaialdiaren azken egunean, Probintzia plazan, eta publikoak gogokoena bozkatuko du.