Bidaiari

Doako bisita gidatuak ‘Green Tourist Card’ aplikazioa deskargatzen dutenentzat

Gasteizko Udalak ‘Green Tourist Card’ aplikazioaren sustapen kanpaina jarri du martxan eta, horren bidez, aplikazioa deskargatzen dutenek Arabako hiriburuan doako bisita gidatuak eskuratu ahal izango dituzte.

Bisita gidatuak Gasteizen izango dira.
Bisita gidatuak Gasteizen izango dira. (Getty Images)

«Ekintza honen bidez, gasteiztarren artean txartel birtuala eta horren abantailak ezagutarazi nahi ditugu txartelaren erabiltzaile eta preskribatzaile bihur daitezen. Aldi berean, ‘Green Tourist Card’-i atxikitako enpresen eskaintza eta proposamenei eta baliabide turistikoei balioa eman nahi diegu», azaldu du Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi Maria Nanclaresek.

Gasteizko turismo bulegoak doako 600 plaza eskainiko ditu bisita gidatuetan eta ibilbide programatuetan ekainaren 29an eta 30ean eta uztailaren 5ean, 6an eta 7an. Helduentzako eta familian egiteko turismorako proposamenak dira, eta euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko dira.

Ibilbideetarako erreserba Gasteizko turismo bulegoan egin daiteke aurrez aurre (Espainia plaza, 1, behea), edo 945 16 15 98 telefono zenbakira deituta. Erreserba egiteko ezinbestekoa izango da ‘Green Tourist Card’ aplikazioa deskargatzea eta, esperientzia bakoitza hasi aurretik, balioztatzea.

Urriaren 1etik

Txartela 2023ko urriaren 1ean jarri zen abian turismoaren sektoreko jarduera bultzatzeko eta tokiko sektorean sinergiak sortzeko, ahaleginak partekatzeko eta interes komunak errazteko asmoz. «Horren bidez, bisitarien egonaldia luzatu, tokiko negozioei balioa eman eta sustapenerako tresna digitala eskaini nahi diegu», adierazi dute.

Txartela Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sustatu dute eta deskontuak eskaintzen ditu lurralde osoko bisita gidatuetan eta kultur eta aisialdi jardueretan, tokiko saltokietan egindako erosketetan eta jatetxe eta osatuetan.

‘Green Tourist Card’ txartel turistikoarekin bat egiteko kanpainak zabalik jarraitzen du proiektuan sartu nahi duten enpresa eta establezimenduentzat. Webgunearen edo app-aren bidez, ‘Eskatu enpresa gisa atxikitzea’ gunetik, eragileek ekimenarekin bat egiteko aukera dute erabiltzaileei aplikatuko dizkieten deskontuak zehaztuta.