Uda giroa, jazza eta Bermeo, koktel erakargarria herria bisitatzeko
Uda giroa, jazza eta Bermeo bezalako kostako herria. Koktel erakargarria osatzen dute Bermeoko XXVI. Jazzber jazz jaialdiaren eskutik. Uztailaren 3tik 5era bitarte izango da zenbait talderen emanaldiekin.
Victor de Diego Group, Seada Quartet eta Flen izango dira Bermeoko XXVI. Jazzber jazz jaialdiaren protagonistak, uztailaren 3tik 5era bitarte. Kontzertu guztiak Bermeoko Kafe Antzokian izango dira, 20:30ean, doako sarrerarekin. Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak antolatzen duten Jazzber jaialdiak «kalitatezko programa oso erakargarria» eskainiko du, arduradunen esanetan.
Busturialdean egiten den jazz jaialdi bakarra da, eta eskualdean jazz musikarekiko zaletasuna eta ezagutza bultzatzea, jazz mundua herrira hurbiltzea eta jazz musikaren joera berrienak ezagutaraztea dira helburuak, Endika Etxebarria Telleria Kultura zinegotziak adierazi duenez.
Era berean, Joseba Verdes Jizz Jazz Kultur Taldeko kideak azaldu du aurtengo jaialdiak jarraipena eman nahi diola kalitatearen mailari: «Azken urteetako joerari eutsita, maila handiko taldeak izango ditugu Bermeon. Guretzat oso garrantzitsua da kalitatea eskaintzea, jendeak jazz musika onenaz gozatzeko aukera izan dezan».
Egitaraua
Victor de Diego Group taldeak hasiko du Jazzber, uztailaren 3an. Victor de Diego saxofoi jotzaile bilbotarrak 40 urteko ibilbidea dauka, zazpi disko ditu lider modura eta 60 baino gehiago sideman modura. Era berean, asko dira nazioarteko orkestra eta artistekin egin dituen kolaborazioak, hala jazzaren barruan nola kanpoan.
A Coruñan 2023an sortu zen Seada Quartet laukotea izango da jaialdiaren bigarren eguneko talde protagonista, uztailaren 4an. Bere kideek sarritan kolaboratzen dute nazioarteko musikariekin, eta proiektu honekin, konposizio originalekin eta soinu propio bat bilatzeko bidean, jazz eklektikoa eta modernoa eskaintzen dute.
Azkenik, Flen talde suediarrak bukatuko du aurtengo Jazzber, uztailaren 5ean. Stockholmen sortu zen taldea 2021ean, Suediako eta Danimarkako musikariekin, eta iaz argitaratu zuen ‘Välkommen till FLEN’ diskoa. Haize sekzioak oinarri erritmikoan eskaintzen dituen testura eta adierazkortasun aukerak arakatzen ditu konposizioetan.