Bidaiari

Gordailuan, bisita gidatu orokorrak eta bereziak

Gordailuak, Gipuzkoako Diputazioaren Ondare Bildumen Zentroak, bisita gidatuak antolatzen ditu urtean zehar eta, zenbaitetan, baita bisita bereziak ere. Datozen egunetan, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan ekitaldi berezia eskainiko du eta baita Basterretxearen ingurukoa ere.

Gordailuan gordetako zenbait ontzi.
Gordailuan gordetako zenbait ontzi. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ondare Bildumen Zentroa da, lurraldeko kultur ondarea biltzea, zaintzea eta ezagutaraztea helburu nagusi duena. Milaka ondare-gai etnografiko, artistiko eta arkeologiko gordetzen ditu. Bere funtsei buruzko azterketak egiten ditu, bai eta kultur ondareari buruz besteen ikerketak erraztu ere.

Publiko orokorrarentzako bisita gidatuak antolatzen ditu, doan, bisitariek bertatik bertara ezagut dezaten nola biltzen eta zaintzen diren ondare-bildumak euren instalazioetan. Batzuetan bisita gidatu orokorra izan ohi da; besteetan, gai batean zentratzen da. Dena den, Gordailua oso handia denez, ezin dena bisita bakar batean ezagutu.

Normalean, 17:00etan egiten dira bisitak gaztelaniaz eta 18:15ean, berriz, euskaraz. Dena dela, antolatutako taldeentzat ere bisitak eskaintzen dira: ikasleak, kultur elkarteak, euskaltegiak... Frantsesez eta ingelesez ere bai, aldez aurretik osatutako talde batek berariaz eskatzen baldin badu. Talde espezifikoetarako bisiten eguna eta ordua talde bakoitzaren eta Gordailuaren artean adostuta finkatzen dira, publiko orokorrarentzako bisitetatik at.

Bisitetan beti aldez aurretik izena eman behar da: gordailua@gipuzkoa.eus helbidera idatzita edo 943 415 178 telefonora deituta, edo webgunearen bidez.

Hurrengo bisitak

Honako hauek dira datozen egunetarako antolatutako bisita gidatuak:

Irailak 27: Bisita Berezia, jaiotzaren mendeurrenez: ‘Basterretxea Gordailuan’
Urriak 4: Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, ‘Aizkora: ondarea, ikertzaileen lokailu’
Urriak 18: Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, Errenteriako Jantziaren Zentroarekin batera, ‘Jantzien kontserbazioa: erronka bat’
Urriak 25: Bisita orokorra
Azaroak 29: Bisita orokorra
Abenduak 2:Bisita orokorra