Bidaiari

Bilboko Zirkuitua, aitzakia aproposa hiriburuko auzoak bisitatzeko

Bilboko Zirkuitua urriaren 3an abiatuko da. Beraz, hiriburuko zenbait auzo bisitatzen dutenek aitzakia aproposa dute sortzaile berrien zein antzerki talde amateur eta erdi-profesionalen lanak bertatik bertara ezagutzeko.

Antzerkia izango da ikusgai zenbait auzotan.
Antzerkia izango da ikusgai zenbait auzotan. (Getty Images)

Bilboko Udalak urriaren 3an jarriko du martxan Bilboko Zirkuitua hiriburuko eta inguruetako antzerki taldeen jarduera sustatzeko egitasmoaren denboraldi berria. Guztira, tokiko taldeen doako 19 antzerki emanaldi eskainiko ditu abenduaren 26ra bitarte.

Aurten, gainera, Bilboko Udalak sustatu eta kudeatzen duen Bilbao Eszena baliabide eszenikoen zentroaren 20. urteurrena da eta, hori ospatzeko, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako antzerki konpainia ez-profesionalen sei saio sartu dira Bilboko Zirkuituaren egitarauan. Emanaldi berezi horiek larunbatetan egingo dira, Otxarkoagako Udaltegian, Bilboko Udaletik jakinarazi dutenez.

Urriaren 3tik abenduaren 26ra bitarte, ostegunero, hiriko sortzaile berrien eta antzerki talde amateur eta erdi-profesionalen lanak programatuko dira, bilbotarrek doan gozatzeko aukera izan dezaten. Altamira, Basurto, Begoña, Rekalde, Otxarkoaga, San Frantzisko eta Zorrotzako udaltegietan eta Solokoetxeko Institutuan izango dira emanaldiak.

Taldeak

Aurtengo egitarauan parte hartuko duten taldeak honako hauek izango dira: Alanbike Teatro, Skene Teatro, Totum, Les Figuretes, Taulelak, I Need A Hero, Kalamua, Iuris Tantum, La Trascienda, Txalo Talo, Alopargo Teatroa, Itxartu, Aimara Teatro, Nueve Teatro, Compañia Edicion Limitada eta Sin Remilgos. Gainera, antzerki laburreko proposamen bana eskainiko dute A-Teatral taldeak eta Unai Garcia eta Maria Ucelay sortzaileek.

Bilboko Zirkuituaren 2024ko edizioan euskaraz bi antzezlan izango dira: alde batetik, Taulelak elkarteak ‘Euskaldungak’ taularatuko du urriaren 24an San Frantziskoko Udaltegian eta, bestetik, Txalo Talo taldeak ‘Zeharrak berri’ aurkeztuko du azaroaren 16an Otxarkoagako Udaltegian.