Bidaiari

Burdinbidearen Museoak denboraldiko azken hamar trenak jarriko ditu zirkulazioan

Burdinbidearen Euskal Museoak 2024ko denboraldiko lurrunezko azken hamar trenak jarriko ditu zirkulazioan datozen asteetan Azpeitiko instalazioetatik Lasaora bidean.

Azpeitiko museoko tren bat.
Azpeitiko museoko tren bat. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Euskotreneko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, urriaren 19an eta 26an eta azaroaren 2an (larunbatak), lurrun trenen bina irteera egingo dira, 12:00etan eta 17:30ean; urriaren 20an eta 27an eta azaroaren 1ean eta 3an (igandeak eta jaieguna), berriz, lurrun trenen bidaia bana izango da, 12:00etan.

Burdinbidearen Euskal Museoak Europako trenen bildumarik onenetakoa du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin: lurrun, diesel eta elektrizitate bidezko lokomotorrak, automotorrak eta era askotako bagoiak.

Gainera, Euskal Herriko makina-erreminta bildumarik osatuenetakoa du, Urolako Burdinbidearen tailer mekaniko zaharrari esker, baita XIX. mende amaieratik aurrera erabilitako uniformeen laginak eta trenen arloko erlojuen munduko bildumarik onenetakoa ere.

‘Egun batez surgina’

Bestalde, Azpeitiko museoak eskaintzen dituen jardueren artean ‘Egun batez surgina’ delakoa berreskuratu da. Lurrunezko lokomotorraren kabinan joan-etorri bidaia osoa egiteko aukera ematen du, tren-makina martxan jartzeko beharrezkoak diren prestaketa lan guztiak zuzenean ikusiz.

Esperientzia esklusiboa da eta 50 euroko prezioa du, eta parte hartu nahi dutenek erreserba egin beharko dute museoa@euskotren.eus helbide elektronikora mezua bidalita jarduera egin nahi den eguna baino 72 ordu lehenago, gutxienez.

Burdinbidearen Euskal Museoa 10:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era dago zabalik asteartetik ostiralera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan, eta 10:30etatik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik).\