Veneziako jauregi «madarikatua», Ca'Dario, 18 milioitan saldu diote erosle anonimo bati
Erosle anonimo batek Veneziako jauregi «madarikatua», Ca'Dario izenekoa, erosi du 18 milioi euroren truke. Arkitektura gotiko errenazentista bikainagatik ez ezik, barruan izandako heriotzen eta zorigaitzen inguruko sineskeriengatik ere da ezagun.
Ca 'Dario jauregia joan den udaberritik zegoen salgai higiezinen agentzia batean, duela astebete erosle misteriotsu bat agertu zen arte, ‘Il Corriere’ egunkariak jakitera eman duenez.
Jauregia, hiriko egitura enblematikoenetako bat izaten jarraitzen duena, Veneziako zoritxarren sinbolo bihurtu da. 1.000 metro koadro inguruko azalera du, zortzi logela, zortzi bainugela, terraza bat Kanal Handira begira eta lorategi pribatu bat.
Beraz, luxuzko jabetza da, oso gutiziatua dena. Gainera, leku estrategikoan dago kokatuta, Santa Maria de la Salud Basilikatik gertu. Hala ere, ezbehar sail batek markatutako historiagatik, askok nahiago dute kanpotik ikusi, leku madariktutzat jotzen dutelako.
Ca'Dario 1479 eta 1490 artean eraiki zuen Giovanni Dario Veneziako Senatuko idazkariak bere alabarentzat egoitza gisa. Orduz geroztik, Dario familia sineskeriaren oinarriak erein zituzten egoera tragikoetan murgildu zen.
Lehen kolpea izan zen Vincenzo Barbaro suhiaren hilketa, finantza-kolpe baten ostean. Ondoren, Giovanniren alaba Mariettak bere buruaz beste egin zuen, senarraren heriotzak suntsituta, eta, azkenik, Vincenzo biloba hil zen, Greziako atentatu batean.
Alabaina, lehen tragedia horiek jauregiaren historia markatu zuten ezbeharren zerrenda luze baten hasiera baino ez ziren izan: merkatariak hondatu ziren, poetak hil egin ziren gaixotuta, zorigaiztoko patua jasan zuten beste jabe batzuek.
Zerrenda luzea
1960ko hamarkadan, The Who rock taldeko managerrak, Christopher ‘Kit’ Lambertek, jauregia erosi zuen eta Veneziara joan zen. Han drogen munduan erori zen eta dena galdu zuen.
Urte batzuk geroago, talde bereko baxu-jotzaileak, John Entwistlek, astebete eman zuen oporretan Ca'Darion, eta bertan hil zen bat-batean bihotzekoak jota, zorigaiztoko gertakarien zerrenda luzeari beste tragedia bat gehituz.