Bidegorri berri batek Gorlizko hondartza eta herrigunea lotuko ditu
Hondartza eta herrigunea lotuko dituen bidegorri berriaren proiektua jarri du abian Gorlizek udalerrian mugikortasun jasangarria sustatzeko. 2025eko amaierarako bukatzea aurreikusi da.
![310 metro luze izango da bidegorria.](/media/asset_publics/resources/001/199/808/article_main_landscape/bici.jpg)
Gorlizeko Udalak jakinarazi duenez, 310 metro luze izango da bidegorria, herriaren erdigunea hondartzako pasealekuarekin lotuko duena. Txirrindulariei eta oinezkoei alternatiba segurua, erosoa eta ingurunearekiko errespetuzkoa eskaintzea da asmoz, iraunkortasunaren eta bizi kalitatea hobetzearen aldeko udal konpromisoekin bat eginez.
Era berean, Gorlizko Udalaren lehentasunetako bat oinezkoen erosotasuna zaintzea da, eta, hori dela eta, gutxienez bi metroko zabalera izango duen espaloia izango da ibilbide osoan zehar, eta zenbait tokitan handitu egingo da egungoarekin alderatuta. Gainera, egungo zuhaiztia ahal den neurrian mantentzeko lan egingo da, ingurune natural bereizgarria kontserbatzen lagunduz.
Ibilbidea hondartzako eta Ondargane kalean dauden bidegorrien arteko bidegurutzean hasiko da. Hortik aurrera, Eloisa Artaza kalean zehar zabalduko da, Itsasbideko zati bat hartuz eta Andra Mari kalearekiko bidegurutzean amaituko da.
Errei esklusibo bat
Ibilbidean, bizikletek errei esklusibo bat izango dute igoeran, zirkulaziotik eta oinezkoengandik bereizita, 1,50 metroko zabalerarekin. Jaitsierarako, bizikletek errepidea trafikoarekin partekatuko dute, baina tarte zabalago batean, gutxienez hiru metrokoa. Diseinu horren helburua da txirrindularientzako, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako zirkulazio seguru eta arina bermatzea da.
Era berean, proiektuak aparkalekuen berrantolaketa txiki bat dakar, mugikortasuna eta segurtasuna hobetzeko helburuarekin. Eloisa Artaza kaleko 8 eta 10 zenbakien parean zazpi plaza kenduko diren arren, kale bereko 14 zenbakiaren parean hiru plaza berri sortuko dira baterian.
Gainera, bidegorria aparkalekuen ondotik igarotzen den tokietan espaloi zerrenda bat bideratuko da, eta horri esker ibilgailuak modu seguruan irten ahal izango dira bizikleta erreia oztopatu gabe.