Bidaiari

Txakomic jaialdia, komikia, ilustrazioa, gazta eta txakolinaren topaleku gastrokulturala

Beste behin ere, Bizkaiko gastronomia, komikia, ilustrazioa eta txakolina uztartuz, Txakomic jaialdi gastrokulturalaren bosgarren edizioa izango da apirilaren 12 eta 13an, Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean eta Leioan.

Bizkaiko txakolina.
Bizkaiko txakolina. (Luis Jauregialtzo | FOKU)

Txakomic jaialdi gastrokulturala Leioako Mendibile jauregian izango da apirilaren 12an eta Bakioko Txakolin Museoa-Txakolingunean hilaren 13an.

Egitarauak jarduera askotarikoak jasotzen ditu; besteak beste, showcooking, dastaketa, kontzertu ilustratu eta umeentzako tailerrak, «Frantziako gastronomiaren eta Bizkaiko txakolinen presentzia nabarmenarekin».

Proiektuaren helburua Bizkaiko txakolinaren tradizioaren eta euskal komikiaren arteko lotura bultzatzea da, parte hartzaileei euskal kulturaren aberastasuna ospatzen duen esperientzia paregabea eta sortzailea eskainiz.

Aurten, Txakomic jaialdiak «oso esperientzia enogastronomiko berezia» eskainiko du Leioako Mendibile jauregian, «Frantziako gazta dastaketarekin hasita». Bertaratzen direnek gazta sorta batez gozatu ahal izango dute, Bizkaiko txakolinekin batera.

Larunbnatean, ekitaldia 12:20an hasiko da eta Maria Mora La Manducateca saltokiko sortzaileak zuzenduko du. Silvia Landeira sommelierrak eta Janire Orduna ilustratzaileak hartuko dute parte, zuzenean ilustrazio bat eginez.

«Bertaratutakoak Parisko terraza batera eramango dituen murgiltze sentsoriala izango da, Frantziako zaporeak eta kultura Bizkaiko txakolinaren tradizioarekin uztartuz», adierazi dute.

Gainera, ilustrazio erakusketa bat ikusi ahal izango da Leioan, Satelites taldearen zuzeneko musika entzuten den bitartean. Alex Orbe ilustratzaileak marrazkia egingo du zuzenean, bertaratzen direnek taldearen rock, blues eta reggae bertsioez gozatzen duten bitartean. Halaber, txikienek Unai Gonzalez ilustratzaileak zuzendutako umeentzako ‘Euskal Mandalak’ tailerrean parte hartzeko aukera izango dute.

Bakio

Bestalde, Frantziako sukaldaritza eta Bizkaiko txakolinak uztartuko dituen showcooking saio batez eta dastatze ilustratuaz gozatu ahal izango dute igandean Bakoiko Txakolin Museoa-Txakolingunera doazenek, Despierta tus Sentidos establezimenduko Elena Urigüenek zuzenduta.

Ekitaldian, Higinia Garay ilustratzaileak sukaldaritza prozesua irudikatuko du zuzenean egingo duen marrazki batean, bertaratutakoek plater prestatuak eta txakolinak dastatzen dituzten bitartean.

Orobat, tailer bat egingo da, eta Kike Infame ilustratzaile eta Txakomic ekimenaren koordinatzaileak gidatuko ditu parte hartzaileak Frantziako komikiko pertsonaia ospetsuetan inspiratutako marrazkien sorkuntzan, mihise gisa beirateak erabiliz.