FEB. 07 2023 Mairuelegorretako kobak, mitologiaz blai Aztarnategi paleontologiko garrantzitsuak ezkutatzen ditu eta, gainera, espeleologia egiteko leku aproposa dela diote adituek. Eta hori gutxi balitz, Gorbeiako Parke Naturalean daude! Mairuelegorretako kobak dira. Kobaren irudia. (alavaturismo.eus) Bidaiari Gorbeiako Parke Naturaleko kobarik ezagunenetarikoak dira Mairuelegorretakoak eta, horrez gain, bai haitzuloa, bai bertako inguruak, espeleologia egiteko leku aproposak dira. Gainera, aztarnategi paleontologiko garrantzitsuak gordetzen dituzte. Gaur egun, alavaturismo.eus webgunean azaltzen denez, burdin hesi batek babesten du sarbide nagusia. Sarrerak 7,40 metroko zabalera eta gehienez 3 metroko garaiera du, bai eta 12,5 kilometroko garapena eta 215 metroko sakonera ere, eta ur korronteek bost maila sortu dituzte. Kapera, Atzaparkada, Haitz Handia eta Deabruaren Putzua dira galeriarik ezagunenak. Sarreratik 300 metrora areto handi bat dago, non mila lagun sartzen diren. Hain zuzen ere, urtero egiten da bertan folklore jaialdia. Mitologiarekin lotura Mairuelegorretako kobek euskal mitologiarekin duten lotura izenean bertan azaltzen da (Mairu=Mari); gainera, jainkosa handi horren bi bizilekuetako bat dela uste dute historialariek. Horrez gain, kondaira batzuek diotenez, koba horren barruan idi larru batean ezkutatutako altxor handia dago.Edozein garai da egokia bertaratzeko baina kobaren barrualdea bisitatzeko baimena behar da, eta gida espezializatu batekin sartu behar dute bisitariek. Dena dela, aukera dute kobaren aho nagusiraino ibilalditxoa egiteko edertasun handiko alderdi batean zehar. Kobak bisitatzera animatzen direnek kontuan hartu behar dute Zigoitian daudela, Gorbeialdeko Kuadrillan. Murua Gasteiztik 14 kilometrotara dago, gutxi gorabehera. Behin Muruara iritsita, Gorbeia ll urtegien ondoko errepidetik jarraitu behar da.