FEB. 08 2023 Farolen Museoa, bisita «argitsua» Euskal Herrian dozenaka museo daude; batzuk, entzute handikoak eta beste batzuk, berriz, xume eta ez hain ezagunak. Azken hauetakoa da Gasteizen dagoen museo xelebre bat: farolak protagonistak dituena. Museoan ikusgai dagoen farola bat. (Gasteizko Turismo Saila) Bidaiari Farolen museoaren proiektuaren ideiaren sorrera ere berezia da oso: urtean behin, zehazki abuztuaren 4ko gauean, Farolen Arrosarioa osatzen duten argiontzi eta karrozen oparotasunak gasteiztarrak liluratzen zituzten. Eta horrexegatik, kofradiak beharrezkotzat jo zuen publiko orokorrari, eta, zehazki, gasteiztarrei, modu iraunkorrean erakustea. Museoa sortzea proposatu ondoren, 2000 urtean prozesioko elementu guztiak gordetzen zituen eraikina zaharberritu eta museo bilakatu zen. Farolak gordetzen dituen eraikina 1900 urtean egin zen. Zapatari kaleko bi etxe bota zituzten eta orube horretan eraiki zen Fausto Iñiguez de Betolaza udal arkitektoaren proiektua. Ezkogileen gremioak (kandelagileek, alegia) Ama Birjin Zuriaren Kofradia bultzatu zuen 1613an hura gurtzeko zaletasuna hedatzearren. Hain zuzen ere, gremio haren jarraitzaile edo oinordeko da gaur egundo gozogile eta pastelgileak elkartzen dituena. “Farolen arrosarioa” Ondoren, Manuel Díaz de Arcayari, garai hartan Zaragozan bizi zen irakasle gasteiztarrari, bururatu zitzaion 1895ean “Farolen arrosarioa” egitea, 1614az geroztik Andre Maria Zuriaren omenez abuztuaren 4ko gauean egiten zen prozesio apalari indarra eta distira gehitzeko. Harrezkero, urtero pizten dira, abuztuaren 4an, prozesioa osatzen duten farolak, hiriko kale nagusietan zehar ohiko ibilbidea egiteko. Kolore anitzeko beirazko 267 pieza daude egun museoan. Museoaren ordutegia honako hau da: astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 13:00era, eta arratsaldez, hitzartutako bisitak.