bidaiari - bidaia aldizkaria

Agripako Panteoiko sarrera ez da doan izango

Agripako Panteoiaren sarrera, Italiako monumenturik bisitatuenetakoa, ez da doakoa izango. Txartel bakoitzeko 5 euro kobratzen hasiko dira uda hasieratik, herrialdeko Kultura Ministerioak dirua biltzeko asmoz hartutako erabakiaren ondoren.

Jendea zain, sarreran. (ALBERTO PIZZOLI | AFP)

Agripako Panteoia Italiako hiriburuan sarrera librea zuen atrakzio bakanetakoa zen. Erabakia jakitera eman bezain pronto, turistak ohi baino ilara luzeagoak egiten hasi ziren, erromatar monumentura doan sartzeko azken orduak aprobetxatzeko.

Italiako Kultura ministro Gennaro Sangiulianok duela gutxi azaldu zuenez, bildutako diruaren zati bat jantoki sozialetara bideratuko da, eta beste partida bat eraikina berregituratzeko eta mantentzeko lanei aurre egiteko erabiliko da, baita atzealdean museo bat martxan jartzeko ere.

«Arrazoia etikoa da: gauza batek balio badu, ordaindu egin behar da», gaineratu zuen erabakiaren zergatiaz galdetu ziotenean.

Eztabaidagai azkenaldiotan

Azken urteotan eztabaidagai izan da Agripako Panteoian sartzeko sarrera ordaindu behar izatea.

Arduradunek aurreratu dutenez, sarreretatik eratorritako etekinen %70 Kultura Ministerioarentzat izango da, eta bera arduratuko da sarrera horiek kudeatzeaz eta kontserbatzeaz. Gainerako %30a, berriz, Erromako Elizbarrutiaren kutxetara joango da. Elizbarruti horrek diru-sarreren zati bat ongintzako ekintzetara eta beste tenplu batzuetara bideratuko duela esan du.

Ordaintzetik salbuetsita dauden pertsonei dagokienez, Italiako beste museo eta monumentutako baldintzak izango dira kontuan: 18 urtetik beherakoak eta desgaitasunen bat dutenak; beste talde batzuek, berriz, 25 urtera arteko gazteek adibidez, 2 euroko sarrera murriztua ordainduko dute.

Bestalde, kultura eta erlijio-jardueretarako sarbidea doakoa izango da, baita erlijio-langileentzat eta langile laikoentzat ere, besteak beste, Panteoian dauden Errege Hilobietako guardientzat.