bidaiari - bidaia aldizkaria

Edimburgo, prest Fringe Jaialdirako

3.000 ikuskizun baino gehiagorekin, Edinburgoko Fringe Jaialdiak –munduko diziplina anitzeko arte lehiaketa garrantzitsuenetakoa– 76. edizioa ospatuko du uda honetan.

Edimburgo Jaialdiko une bat. (GETTY)

Aurten egungo gizarte-arazo batzuei buruzko gogoeta egingo du Edinburgoko Fringe Jaialdiak: buru-osasuna, klima-aldaketa, genero-identitatea eta arraza-identitatea. Aldi berean, 1958an sortutako aniztasun- eta inklusibotasun-balioak islatuko ditu.

Dantza, musikalak, komedia, zirkua eta kabareta eta beste arte disziplina izango dira ikusgai Eskoziako hiriburuko hamaika txokotan, eta, udaro bezala, mundu osoko artistek hartuko dute parte, nazioarteko kultur jaialdi handienetakoari bizitasuna emanez. «Okerrena pasatu dugu, baina oraindik ez gaude gure unerik onenean», adierazi du Lyndsey Jackson zuzendariordeak, aurten erakundeen babesik ez dutela gehituz. «Inoiz baino garrantzitsuagoa da jendea etortzea, lana ikustea eta botak janztea», “Fill yer boots (Jantzi botak)” izenburuko programazioak animatzen duen bezala.


3.000 ikuskizun baino gehiago

Egitarauak jasotzen dituen 3.000 ikuskizun baino gehiagoren artean, nabarmentzekoa da Jerry Sadowitz komiko estatubatuarraren itzulera, iazko show-arekin, zeina bertan behera geratu baitzen edizio horretako kexa ugariengatik.

Neko Teatroren “Beldurrak” lanaren sentsibilitate feminista, “First date” programaren bertsio komiko bat, Bartzelonako “Lolyamorous” edo “Latin Carnaval Sound” –Kolonbiako inauterietako esperientzia– dira Fringe-aren aniztasunaren erakusle xumea. Guztira, 68 herrialdetako artistek hartuko dute parte.

Jacksonen ustetan, jaialdi berezia da, «zuk agintzen duzulako, zuk sor dezakezulako...» Hori da, bere ustez, besteengandik bereizten duena. Aurten, gainera, Fringe-k app bat sortu du, inguruko eskaintzaren artean egokiena edo gustukoena berehala aukeratzen laguntzen duena.