bidaiari - bidaia aldizkaria

Arizonako Arroila Handia, izarrak ikusteko aproposa

Arizona da, zalantzarik gabe, tokirik erakargarrienetakoa astroturismo zaleentzako; hau da, izarrak ikustea gogoko dutenentzako. Eta tokirik gomendagarriena Arroila Handiko parke nazionala da, 2016an Dark Sky Park (zeru iluneko parkea) izendatu zutena.

Gran Cañón. (Getty Images)

Urtero sei milioi astroturismo zale baino gehiago hartzen ditu Arizonako Arroila Handiko parke nazionalak, munduko tokirik erakargarrienetakoa delako izarrak ikusteko. 2016an Dark Sky Park (zeru iluneko parkea) izendatu zuten.

Coloradoko Arroila Handia, Arizonako basamortuaren ipar-mendebaldean, munduan gehien aztertutako istripu geologikoetako bat da, bere geruzek hiru aro geologikoren kontakizun bikaina eskaintzen baitute. Bere neurriak izugarriak dira: 16 kilometroko zabalera eta 1,6 kilometroko sakonera. Espazio babestuak, guztira, 4.924 kilometro koadro hartzen ditu eta arroilaren hondoan aurkitutako formazioak duela 1.800 milioi urtekoak dira.

Gauetako zeru ilunen bila

Turista gehienak parke honetara hurbiltzen dira harribitxi geologikoak mirestera edo mendi-ibilaldiak, eskalada edo rafting egitera. Alabaina, gero eta gehiago dira izarrekin gozatzera hurbiltzen direnak, gauetako zeru ilunen bila dabiltzanak, bertako navajoek, hopisek eta havasupaisek mendeetan zehar egin duten bezalaxe.

Urteko edozein sasoi ona bada ere bertaratzeko, ekaina bereziki egokia da, bertako Parke Nazionalak astebeteko izar-festa antolatzen duelako urtero. Helburua da bisitariei erakustea zeru ilunek flora eta faunarengan duten eragina –baita gizakiengan ere– eta zeintzuk diren argi-kutsaduraren ondorioak. Ekitaldien artean azpimarragarriak dira zeinbait adituren hitzaldiak: astronomo ezagunak, basozainak, zinemagileak, argazkilariak... Eta, noski, gaueko behaketa-saioak, North Rim eta South Rim ibaietan jarritako teleskopioekin.