bidaiari - bidaia aldizkaria

Ponpeiako esklaboen bizitza berreraikitzea lortu dute

79. urtean Vesubioaren erupzioarekin suntsitu zen herriko esklaboen bizitzari buruzko pistak eskaintzen dituen aurkikuntza egin dute Ponpeiako parke arkeologikoan, Civita Giuliana hiribildu erromatarrean. Antzinako hiritik gertu, altzari eta dekorazioak aurkitu dituzte.

Duela ia 2000 urteko logela, igeltsuaren teknikarekin egina, Ponpeian eta inguruetan bakarrik erabili zena. (ITALIAKO KULTURA MINISTERIOA)

Kristo ondoko 79. urtean Vesubioaren erupzioak suntsitutako herrian esklaboen bizitza berreraikitzea ahalbidetu duen aurkikuntza egin dute Ponpeiako parke arkeologikoko Civita Giuliana hiribildu erromatarrean. Antzinako hiriko harresietatik 600 bat metrora, gela bateko altzarien eta dekorazioaren aurkikuntza izan da ardatz.

Gelaren irudiak, Ponpeian eta inguruetan soilik dagoen kalkatuaren teknikarekin eginak, «gaur egungo argazki bat dirudi, prekarietate egoera bat salatzen duena», azaldu du Italiako Kultura Ministerioak.

‘Ambiente A’ izeneko areto berrian aurkitutako bi oheren hondarrek «menpekotasunaren barruko hierarkia zehatz batean pentsatzeko» aukera ematen dute; izan ere, ohe horietako bat «oso sinplea eta koltxoirik gabea» da eta bestea, berriz, «erosoagoa eta garestiagoa», bibliografian «bizkarraldea duen ohea» bezala ezagutzen dena, kolore gorriko dekorazio-arrastoekin.

Partzialki kontserbatutako bi armairu txiki eta zenbait tresna ere aurkitu dira azken indusketetan, horien artean burdinazko pala bat eta 2021ean ‘Ambiente C’ delakoan aurkitutakoen antzeko anfora eta ontzi batzuk. Gainera, esklaboak bizi ziren tokian, Vesubioaren erupzioaren aurretik gutxienez hiru sagu bizi zirela deskubritu dute.

Bi sagu anfora batean

Halaber, bi sagu anfora batean eta arratoi bat pitxer batean aurkitu dituzte, ohe baten azpian, eta badirudi animalia ihes egiten saiatu zela eta erupzioaren fluxu piroklastikoan hil zela azkenean. Horrek guztiak «garai hartako gizarteko prekarietate- eta higiene-baldintzak islatzen dituzte», esan du Ministerioak.

Ponpeiako Arkeologia Parkeko zuzendari Gabriel Zuchtriegelek dioenez, «jabeek hainbat pribilegio ematen zituzten, familia bat osatzeko aukera barne, inolako lege-babesik gabe izan arren, esklabo batzuk estuago lotzeko, baita beste esklabuen zaintzan aliatu gisa edukitzeko ere».

«Hemen sortzen dena menpekotasunaren gizarte-egitura da, ihesak eta erresistentzia-moduak eragotzi zituena, besteak beste, burdin hesien, giltzarrapoen eta enborren arrastoak falta direlako. Badirudi kontrola, batez ere, barne-antolaketaren bidez egiten zela, eta ez oztopo eta murrizketa fisikoen bidez», gaineratu du.