bidaiari - bidaia aldizkaria

“I love/like Vitoria-Gasteiz” kanpaina turistikoa

Gasteizko Udalak kanpaina turistiko berria abiarazi du “I love/like Vitoria-Gasteiz” lelopean, historia eta kultura bereziko, ekoturismoko, gastronomiako, enoturismoko eta bilera eta kongresuen turismoko tokiko eskaintzara bisitariak erakarri nahian.

Kanpainaren kartela. (Gasteizko Turismo Saila)

“I love/like Vitoria-Gasteiz” kanpaina berriaren finantzaketa Next Generation europar funtsetatik iritsiko da, Gasteizko Udalak 2021eko abenduan onartu zuen Turismoguneko Jasangarritasun Turistikoko lehen Planaren bidez.

Ekonomia Sustapen, Enplegu eta Merkataritza saileko arduradunen esanetan, «kanpainaren helburua da aukera elementu gisa jasangarritasuna, historia eta enogastronomia aprobetxatzen dituen kalitatezko turismoa sustatzea».

Halaber, bisitari kopurua handitzea, turismo arloko adierazleak hobetzea, turismo jardueraren urtaroen araberako aldeak gutxitzea eta herritarrak eta bisitariak Gasteiz hiri berde, bizi, ireki eta moderno gisa baloratzera gonbidatzea bilatzen du kanpainak.

Bihotz forma duten zuhaitzetako hostoak

«Hori kontuan hartuta sortu dugu “I love/like Vitoria-Gasteiz” lelo berria, eta bihotz forma duten zuhaitzetako hosto ugariren bidez irudikatu da. Baliabide horrek, gainera, sare sozialetako bihotzaren ikurrarekin lotutako keinua egiten du, plataforma horietan erantzun positiboa izatearen forma nagusia baita», gaineratu du.

Gasteizen irudi berria osagarriak diren hainbat lerrok eta mezu turistikok osatzen dute: “I love Green Capital”, “I love Green Tourism”, “I love cultura singular”, “I love gastronomía”, “I love enoturismo” eta “I love Green Congress’.

Iragarki eta aplikazio grafiko askoren bidez, Gasteizko Udalak hiria bistaratuko du honako ezaugarri hauek betetzen dituen hiri gisa: «Espainiako ekoturismoko lehen hiriko turismogune ziurtatua, 1.000 urte baino gehiago dituen hiria, erreferente enogastronomikoa eta MICE (bilerak, pizgarriak, kongresuak, erakusketak eta beste ekitaldi batzuk, ingelesezko laburduren arabera) arlorako ere jasangarria den turismogunea».