SEP. 04 2023 Arriaga antzokia barrurik ikusteko aukera, berriz ere Bilboko Arriaga Antzokiak bisita gidatuak berreskuratuko ditu irailaren lehen asteburutik aurrera, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Beraz, aitzakia paregabea dute antzokia barrutik ezagutu nahi dutenek. Arriaga, kanpoaldetik ikusita. (FOKU) Bidaiari 1890ean eraikitako Bilboko Arriaga Antzokiak, Monumentu Artistiko izendatuta dagoena, ateak parez pare irekiko ditu berriz, irailetik aurrera, antzerkiaren tripak ezagutu nahi dutenek aukera izan dezaten bisita berezia egiteko. Hiriko Alde Zaharreko atea ez ezik, Euskal Herriko kultur sinboloetako bat da Arriaga, zanlantzarik gabe. Eraikin enblematiko bihurtu da dagoeneko urtean zehar egitarau aberatsa antolatzen duen kultur-gunea. Barrualde ikusgarria Oinezkoak begi bistan dauka bere arkitektura neo-barrokoa, baina hemendik aurrera, bisita gidatuei esker, nahi duenak barruko diseinu eta arkitektura deigarri eta ikusgarria ezagutzeko aukera ere izango du. Lehen astebururako, honako ordutegi hau prestatu dute antzokiko arduradunek: larunbatean, irailaren 2an, lehenengo bi bisitak gaztelaniaz eskainiko dira, 12:00etan eta 13:00etan. Hurrengo egunean, hilak 3, igandea, 11:00etan hasita ingelesez egin daiteke bisita eta 12:00etan, berriz, euskaraz.Sarrerak salgai Dagoeneko salgai dira irailean zehar izango diren bisita gidatuetarako sarrerak, online zein leihatilan, eta datak gehituko dira pixkanaka-pixkanaka. Aipagarria da, halaber, bisiten egutegia jarduera eszenikoaren arabera antolatuko dutela eta une bakoitzean antzokiaren baitako espazioek duten okupazioaren arabera egingo dela. Beraz, bisitak ez dira astebururo egingo. Baina, hori bai, beti larunbatetan eta/edo igandeetan izango dira.