SEP. 05 2023 Burdinbidearen Euskal Museoan, lurrunezko hiru tren berriro martxan Iraileko bigarren asteburuan Burdinbidearen Euskal Museoa bisitatzen dutenek aukera paregabea izango dute denboran zehar bidaia erromantikoa egiteko, hiru tren historiko jarriko baitira berriz martxan Azpeitian. Tren historiko bat Azpeitiko museoan. (Andoni CANELLADA | FOKU) Bidaiari Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoak lurrunezko hiru tren jarriko ditu zirkulazioan iraileko bigarren asteburuan, tren historikoen denboraldi erregularraren baitan. Trenek museoaren instalazioetatik Lasaora bitarteko bidaia egingo dute larunbatean, irailaren 9an, 12:00etan eta 17:30ean, eta igandean, irailaren 10ean, 12:00etan. Euskotrenek jakinarazi duenez, Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa erakusten du bere instalazioetan, mota guztietako ibilgailuekin, besteak beste, lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak, automotoreak eta bagoi mota desberdinak. Era berean, museoak Euskal Herriko makina-erreminta multzorik osoenetakoa du, Urolako trenbideko tailer mekaniko zaharrari esker, eta XIX. mendera arte trenetan erabiltzen ziren uniformeen erakusketa eta munduko tren ordularien bilduma hoberenetakoa ditu ikusgai. “Sugina egun baterako” Bestalde, museoaren jardueren artean, “Sugina egun baterako” berreskuratu da. Joan-etorriko bidaia osoa da lurrunezko tren makinaren kabina barruan, lokomotora martxan jartzeko beharrezkoak diren prestaketa guztiak bertatik bertara ikusi ahal izateko. Une oro segurtasuna bermatzeko prestakuntza eta ekipamendua emango da. Esperientzian parte hartzeko interesa dutenek museoa@euskotren.eus helbide elektronikora idatzita egin behar dute erreserba, aukeraturako eguna baino 72 ordu lehenago, gutxienez.Museoaren ordutegia 10:00etik 13:30era eta 15:00etatik 18:30era da asteartetik ostiralera, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era larunbatetan, eta 10:30etik 14:00etara igande eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik). Burdinbidearen Euskal Museoa Euskal Herriko harribitxi turistiko bilakatu da azken urteotan, gero eta bisitari gehiago hartzen baititu, bai Euskal Herrikoak, bai kanpokoak. Izan ere, urteetan atzera bidaia zaratatsua eta zirraragarria egiteko aukera paregabea eskaintzen du.