SEP. 08 2023 Bilboko Alde Zaharra, bakailao pintxoen topaleku berriz ere Bilboko Alde Zaharra bakailao pintxoen topaleku bihurtuko da irailaren 8tik 17ra, Bakailao Pintxo Lehiaketa berriro ospatuko baita bertan. Guztira, 17 taberna eta jatetxek hartuko dute parte, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak jakitera eman duenez. Bakailaoa prestatzen. (Aritz LOIOLA | FOKU) Bidaiari Bakailao Pintxo Lehiaketaren helburua da, bezeroen botoaren eta epaimahai aditu baten bidez, pintxoen kalitatea ebaluatzea eta, aldi berean, hainbeste eskatzen den produktu hori aldarrikatzea. Besteak beste, sukaldari eta kritikari gastronomikoek osatutako epaimahai espezializatu batek jarriko die nota aurkeztutako pintxoei, baina bezeroek publikoaren saria nori eman erabakiko dute. Epaimahai espezializatuak bezala, eta izena eman duten lokal bakoitzean txartel espezifikoak erabiliz, bezeroek hiru ezaugarri kalifikatu ahal izango dituzte 0tik 10era: zaporea, aurkezpena eta multzoa Horrela, sukaldaritza tradizionala eta errezeta abangoardistak uztartuko ditu lehiaketak. Seguruenik, sukaldari askoren errezetak oinarri klasikoak izango dituzte, baina beste askok sorkuntza berritzaileak prestatu dituzte, bakailaoa produktu desberdinekin onduz: intxaurrekin, onddoekin, espeziekin edo frutekin. «Bilbon, eta bereziki Alde Zaharrean, bakailao tradizio handia dugu, bai ostalaritzan, bai gure etxeetan. Beraz, bezeroek oso iritzi formatua dute», azaldu du Luis Arbiol Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko presidenteak. Botoak, zozketak eta inkesta Botoa ematen duten bezeroek, gainera, bi lagunentzako afari baten zozketan hartuko dute parte. Publikoaren zein adituen botoak, aldi berean, inkesta bezala erabiliko dira, Bilboko ostalaritza eta gastronomia hobetzen laguntzeko.Lehiaketan parte hartuko duten taberna eta jatetxeak honako hauek izango dira: Víctor Montes, Cafe bar Bilbao, Iturriza Taberna, La Olla, Toma y Daka, Bar Antxoa, La Palma, El Ciervo, La Ruda, Bar Fermín, La Muga, Restaurante Aitxiar, Bar Egurre, Ondori Botxo, Bar Isipil, Peña Athletic Casco Viejo eta Kasko Jatetxea. Elkarteak adierazi duenez, Hiribilduaren bihotz historikoan antolatzen den lehiaketarik zorrotzenetako da bakailao pintxoena.