bidaiari - bidaia aldizkaria

Ingeniari bat, Notre Dame berreraikitzeko arduradun berria

2019 urtean Notre Damek izugarrizko sutea jasan zuen eta oraindik ere zaharberritze lanetan dago katedrala, baina azken txanpan koordinatzaile berri baten agindupean, aurrekoa istripuz hil berri delako. Dirudienez, abenduan zabalduko ditu berriz ateak.

Katedralaren itxura. (GEOFFROY VAN DER HASSELT | AFP)

Philippe Jost ingeniari eta goi-funtzionarioa izango da Notre Dameko katredrala berreraikitzeko arduradun berria, bere aurrekoa, Jean Louis Georgelin jeneral erretiratua, istripuz hil ondoren.

Jost, 63 urtekoa eta batez ere defentsaren sektorean egindako karrera zuena, Georgelinen eskuineko eskua zen orain arte, eta, beraz, Eliseoak iragarri duen izendapenak ziurtatu egin du Erdi Aroko tenplu ospetsua berreraikitzeko prozesu luzearen jarraipena.

Berritze lanetan zegoela jasandako sute batek kalte oso larriak eragin zituen eraikinean 2019an. Harrezkero, eraberritze lanetan murgilduta egon da eta, publiko egin diren aurreikuspenen arabera, 2024ko abenduaren 8an zabalduko ditu berriz ateak katredralak.

Koordinatzailearen profila

Sutearen ondoren, Frantziako presidenteak, Emmanuel Macronek, Georgelin izendatu zuen arkitektoak, ingeniariak, artisauak eta artearen arloko adituak koordinatzeko, eraikinaren garbiketa eta berreraikuntza lanak koordinazio handia behar zuelako. Kaltetutako artelanen zaharberritze prozesua ere bere esku utzi zuen.

Prozesu horretan, Jost gehiago arduratzen zen operazioen alderdi teknikoaz, baina haren profila egokia omen zen arduradun berri izateko, Kultura ministro Rima Abdul Malak Le Figaro egunkariari adierazi zionez.

Berreraikitze-epeak oso markaturik, kanpotik iritsitako edozein arduradun berrik denbora beharko zukeen obra erraldoiaren xehetasun guztiak ezagutzeko.

Georgelin abuztuaren 18an hil zen Pirinioetan izandako mendi istripu baten ondorioz.