SEP. 13 2023 Afrikako kulturen aniztasuna, Afrikaldian Afrikaldia Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiaren hirugarren edizioa urriaren 2tik 7ra bitarte egingo da eta 19 film proiekzio eskainiko ditu Gasteizen, horietatik 12 sail ofizialekoak. Afrikako eta bere diasporako 16 herrialde egongo dira ordezkatuta emanaldiotan. Aurtengo edizioko kartela. (Afrikaldia) Bidaiari Afrika ezagutzeko aukera polita izaten da Afrikaldia Afrikar Zinemen Euskal Jaialdia. Gainera, beste urte batez, Afrikaldiak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) lankidetza hitzarmena berretsiko dute fakultateetan sei dokumental eskaintzeko. Afrikako ekintzaileak izango dira gune horietan eta, proiekzioen ondoren, kontinenteko klima aldaketa aztertu eta horren inguruko eztabaida egingo dute ikasleekin, horixe baita jaialdiaren hirugarren edizioaren gai nagusia. Aurten, Paul Urkijo zinemagile gasteiztarrak, Mariette Monpierre zuzendari eta gidoilariak guadalupearrak eta Paloma Ettiene zinemagile eta artista bisual madrildarrak osatuko dute jaialdiaren epaimahaia. Hirurek nazioarteko ospea dute zinemaren arloan eta atal ofizialean ikusgai izango diren 12 filmetatik onena aukeratzeko lan zaila izango dute. Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna Kultura Bendera elkarteak eta Manuekl Iradie elkarte afrikanistak bultzatzen dute jaialdia, eta bere helburua da giza garapena indartzea Afrikako kulturen aniztasuna eta aberastasuna bistaratuta. Era berean, Euskadiko eta Afrikako kulturaren arteko topaketa eta aliantzak bultzatu nahi dira. Erakunde sustatzaile horiez gain, Gasteizen finkatuta dauden afrikarren 13 elkartek hartzen dute parte Afrikaldian modu aktiboan. Guztiek egiten dute gizarteen arteko zubi lana, Afrikari buruzko begirada zabalduta eta bertako zinematografia arloko ekoizpenari balioa emanda.